Ipar Korearen programa nuklearrak hizpide dauzkaten elkarrizketak gaur amaitzekoak direlarik Pekinen, emaitza handirik gabekoak dira oraindik. Hizketaldi hauek Ipar eta Hego Koreako, Ameriketako Estatu Batuetako, Japoniako etaTxinako ordezkariak biltzen dituzte.
«Emaitzak hala-holakoak direla esan daiteke; izan ere, ez da aurrerapauso nabarmenik gertatu», aditzerat eman zuen atzo AEBetako goi arduradun batek. «Oraingoz behintzat, adierazpen komun baterako ez gara nahiko aurreratu, baina argi dago prozesuak aitzina jarraitzen duela», gaineratu zuen ordezkari estatubatuarrak.Piongiangek, aldiz, ohartarazi zuen herenegun proba nuklear bat egitea ez duela baztertzen. Haatik, adierazpen hauek ez direla mehatxu bat balira bezala hartu behar ziurtatu du Hego Koreak. Seulgo ordezkariaren arabera, «etorkizunean proba nuklear baten gertakizunaz ohar egite bat izan da, baina iparkorearrek ez zuten mehatxu zehatzik egin nahi».
Washingtonen proposamena, erantzunik gabe orainokoan
Japoniaren ustez, ordea, ezin da baztertu Piongiangek proba nuklear bat egiteko nahikundea eta gaitasuna duenik. «Ia ziurtzat eman daiteke Ipar Koreak arma nuklearraren garatzeko nahikoa plutonio aberastu ekoitzia daukala jada», adierazi zuen Tokioko ordezkariak.
Hizketaldi hau hasi aurretik Washingtonek iragarri zuen ez duela atzera egiteko gogorik Ipar Korearen arma atomiko mordoa desegiteko exijentzian, eta gehitu zuen 3 hilabeteko epea ematen ziola Piongiangi bide horri eusteko. Hori onartzearen truke, Ipar Korearen laguntza ekonomikoetarako beharrak aztertzea eta segurtasun aldetik bermeak ematea proposatu diote AEBek Piongiangi.
IPAR KOREA
Seulen ustez, Piongiangek ez du mehatxurik egin
Saio nuklear bat egin zezakeela ohartarazi zuen herenegun Ipar Koreak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu