Shalit soldaduaren truke mila preso palestinar askatuko ditu Israelek

Hamasek 2006tik Gazan atxikia izan du militarra; erabakia «hagitz zaila» izan dela erran du Netanyahuk

mikel rodriguez
2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Israelek eta Hamasek presoak elkartrukatzeko akordio bat egin dute, azken bortz urteetan Ekialde Hurbileko gatazkan izan den auzi korapilatsuenetako bat bukatzeko bidean paratuz. Izan ere, akordioan kontuan hartutako gatibuen artean Gilad Shalit Israelgo armadako soldadua dago. «Shalit etxera itzultzeko leiho bat ireki zaio esperantzari», adierazi zuten atzo Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoko eledunek, Israelgo hedabideek eta Al Arabija kateak berria aurreratu ondoren. «Ekialde Hurbileko erregimenen erortzeak eta muturreko indarren gorakadak eragindako izuaren artean ireki da Shalit etxeratzeko itxaropena». Hamasek ere hitzarmena egin dutela berretsi zuen, eta Gazan milaka lagun atera ziren karrikara hori ospatzera. Tel Avivek mila preso palestinar inguru askatuko ditu. Soldadua 2006an atxiki zuten komando palestinarrek, Gazako mugan egindako operazioan. Handik hiru egunera Israelgo armada Gazan sartu zen, eta 400dik goiti palestinar hil zituen.

Netanyahu eta haren kabineteak atzo arratsaldean premiazko bilera egin zuten akordioaren inguruan erabakitzeko. Haaretz-ek Egiptoko inteligentziako iturriak aipatuz dioenez, Shalitez gain Ilan Garpal Israelen espioi izatea leporatutakoa ere aske geldituko da. Negoziazioak zaildu dira askatu beharreko preso palestinarren inguruan Israelek paratu dituen trabengatik. Netanyahuk erran du elkarrizketak «nekagarriak» izan direla, eta erabakia hartzea «hagitz zaila» izan dela.

Presoen gose greba

Negoziazio horiek izan dira arrazoia Israelgo espetxeetan dauden Hamaseko presoek bertze gatibu palestinarrek hasitako gose grebarekin bat egin ez izatearena, presoen aldeko eskubideen ekintzaileek Haaretz-i azaldu diotenez. Bi aste daramatzate gose greban, Israelek espetxe politika gogortu duela eta. Presoei sostengua emateko ehunka lagun protesta egitera atera ziren atzo Zisjordanian. Ramalan, adibidez, 2.000 lagun inguruk eserialdia egin zuten. Gaurko funtzionarioek greba deitu dute, eta negozioetarako bi orduko lanuztea. 6.000 palestinar inguru dituzte preso Israelen.

Gatibuen auziagatik premiazko bilera deitu aitzinetik, ordea, bi aldeen interesetarako hagitz bertzelako ondorioak utziko dituen gai baten inguruko erabakia hartu zuen Netanyahuk. Palestinarren lur pribatuetan eraikitako koloniak legeztatu nahi ditu, eta aukera hori aztertzeko batzorde bat eratu du.

Kolonien aldeko apustua

Israelgo Justiziak 1979an legez kanpokotzat deklaratu zuen palestinar norbanakoen lurretan kolonoentzako etxeak eraikitzea. Nazioarteko legediak 1967an okupatutako eremuen lur orotan eraikitako koloniak jotzen ditu legez kanpokotzat.

Iragan otsailean Israelgo armada Zisjordaniako lur pribatu batzuetan eraikitako koloniak eraisten hasi zen. Hala ere, horren ordainetan palestinarren lur publikoetan baimenik gabe eraiki diren kokalekuak legeztatzeko konpromisoa hartu zuen lehen ministroak. PAN Palestinako Aginte Nazionalak estatu gisa onartzeko NBE Nazio Batuen Erakundean egindako eskariari botatako erronka ere bada Netanyahuren erabakia. Segurtasun Kontseiluaren oniritzia beharrezkoa du PANek, eta AEBek hori saihesteko betoa erabiliko dutela ziurtatu arren, Israelek ekintzekin baldintzatu nahi du erabakia.

AEBen betoaz gain, Segurtasun Kontseiluko kide den Kolonbiak ere iragarri du Palestina estatu gisa onartzearen aurka bozkatu duela. Juan Manuel Santos presidenteak jakinarazi zion hori atzo Mahmud Abbas PANeko buruari Bogotan. Abbas Parisen Nicola Sarkozyrekin bilduko da etzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.