Ekialde Hurbila

Sharonen Gobernuko 'bigarrena' izango da Peres laborista

Israelgo Gobernuan —Ariel Sharon eskuindarra da lehen ministroa— Alderdi Laborista sartzeko hitzarmenari azken ukituak ematen ari dira Sharonen Likud alderdia eta laboristak. Lehen ministroak agiri baten bidez jakinarazi duenez, Alderdi Laboristako buruzagi Shimon Peres Israelgo Gobernuko botere handieneko ministroa izango dela adostu dute; hots, Sharonen 'bigarrena'. Bitartean, Israelgo Armadak palestinarren aurkako erasoekin aurrera jarraitzen du: zazpi hil ditute gaur goizean Jan Yunesen egindako sarraldian.

2004ko abenduaren 30a
14:43
Entzun
Haim Ramon diputatu laboristak eta Yoram Rabed Likudeko ordezkariak gaur sinatu duten akordio batek aurreikusten du Shimon Peres izango dela lehen ministroaren ondoren Gobernuko kiderik garrantzitsuena, Sharon lehen ministroaren bulegoak zabaldutako idatziak azaldu duenez. Beraz, Likus bloke eskuindarraren eta laboristen arteko koalizioa laster gauza liteke, Peres Gobernuko 'bigarrena' izatea baitzen Alderdi Laboristaren baldintza.

Nolanahi ere, Israelgo Armadak aurrera jarraitzen du palestinarren aurkako erasoekin. Gaur goizaldean sarraldia egin du Gazan, Jan Yunes hirian, tankeekin eta gerra hegazkinekin, eta gutxienez zazpi palestinar hil ditu. Haietako hiru Hamaseko kideak direla zehaztu dute. Hildakoetako beste bat 15 urteko mutiko bat da. Lekukoek adierazi dutenez, anbulantzien eta kalean zebiltzan oinezkoen kontra tiroka jardun dute Israelgo soldaduek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak