Hiru zentsura moziori aurre egin behar izan zien atzo Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak, eta hirurak irabazi zituen. Oposizioak aurkezturiko mozioen bozketan abstentziora jo zuten koalizio gobernuko partaide diren Alderdi Erlijioso Nazionala eta Batasun Nazionala taldeek, Gazako kokaguneak husteko Sharonek iragarritako planarekin ados ez daudela adierazteko. Egitasmoari erantzuteko, Zisjordania lau kantonamendutan banatzeko plana aurkeztu zuen atzo eskuin muturreko ministro batek. Gazan, bitartean, gazte palestinar bat hil zen, lehergailu batek eztanda eginda.
Meretz ezkerreko alderdiak eta talde arabiarrek aurkeztu zuten mozioetako bat, arlo politikoan eta sozialean Gobernuak porrot egin duela argudiatuta. Besteak laboristek eta Shas alderdiak aurkeztu zituzten.
Eskuineko Alderdi Erlijioso Nazionalak eta Batasun Nazionalak oposizioaren mozioen alde ez bozkatzeko agindu zieten beren ordezkariei. Halere, Sharonek Gazako kokaguneak husteko aurkezturiko planak aurrera eginez gero koalizio utziko duela esan du Batasun nazionalak.
Kantonamenduak
Sharonen planaren «alternatiba gisa», Zisjordania lau kantoitan banatzeko proposamena aurkeztu zuen atzo Avigdor Liberman Garraio ministroak. Beitenu (Israel Gure Etxea) eskuin muturreko alderdiko kidearen proposamenaren arabera, palestinarrak hesiz inguraturiko lau kantonamendutan biziko lirateke Zisjordanian. Guneon artean garraioak egongo lirateke, baina israeldarrek kontrolak jarriko lituzkete. Zisjordaniako kolonoak bertan gelditzea aurreikusten du plan honek. «Ez nabil lehen ministroaren plana zangotrabatu nahian: alternatiba bat aurkeztu nahi dut», esan zuen atzo Libermanek.
Gazan atzo 17 urteko palestinar bat hil zen, etxe batean gertaturiko leherketa batean. Israelgo Armadak ukatu zuen eztanda beren hegazkin batetik jaurtitako misil batek eragin izana. Palestinako Aginte Nazionaleko iturrien arabera, oso litekeena zen eskuko granada bat istripuz lehertu izana.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
Sharonen kontrako hiru zentsura mozio atzera bota dituzte Legebiltzarrean
Gobernu koalizioko eskuin muturreko alderdiek ez dute bozkatu mozioen aurka, Gazako kokaguneak husteko planarengatik protesta egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu