Abek gehiengoa eskuratu du Japoniako goi ganberan atzoko hauteskundeetan jokoan zeuden eserlekuetan: 121etik 65. Ekonomia sustatzeko neurri erasokorrekin —abenomics izenez ezagunak— jarraituko duela adierazi du.
Lehen ministroaren arabera, “ekonomia sendo bat funtsezkoa da nazioa indartzeko”. Ideia horri eutsi zion duela zazpi hilabete, eta ekonomia biziberritzea bilakatu zuen gobernuaren helburu nagusia: “Hamabost urtez iraun duen deflazio batetik irtetea ez da erraza, egitasmo historikotzat ere har daiteke, baina arreta berezia eskainiko diogu hemendik aurrera”.
Zazpi hilabeteotan, abenomics neurriak ezarri ditu, eta neurriok ekonomiaren susperraldia ahalbidetu dute. Horrek Japonian baikortasuna piztu duela dio Hiromasa Yonekura Keidanren enpresaren buruak: “Deflazioa gainditu eta ekonomia suspertzeko saioak dira eskuratu duen babes handiaren oinarria”.
Enpresa askoren sostengua eskuratu du lehen ministroak. Liberalizazio handiagoa ekarriko duten neurri gehiagoren esperoan daude enpresa asko, nekazaritza eta energia sektorekoak adibidez.
115 aulki 242tik
Japoniako goi ganberako 242 aulkien erdiak berritzeko hauteskundeak egin ziren atzo. 121 aulki horietatik 65 eskuratu zituen Abe buru duen koalizioak; horiei 2010eko hauteskundeetatik koalizioak zituen 50ak gehitu zaizkie: guztira, 115 aulki.