Protestak herrialde arabiarretan

Shusharen bidegurutzean

Libiako gerratik dagoeneko 600.000 lagunek ihes egin dute; horietako asko mugan ezarritako iheslari guneetan babestu dira, jaioterrira noiz itzuliko zain, tartean immigranteak daude eta.

Libiatik Shushako errefuxiatu gunera doan autobusa. JAVIER VIDELA.
Javier Videla
Shusha
2011ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Tunisia ez da oraindik urtarrileko iraultzatik suspertu, eta bat-batean beste bat lehertu zaio etxe ondoan, Libian. Ondorioz, ezinbestean alde egin behar izan dute petrolio lantegietan, errepideen eraikuntzan eta ur hodiak jartzen esku lan merkea izan diren hainbat herritako langileek —Bangladesh, Ghana, Mali, Somalia, Nigeria, Pakistan, India, Egipto, Thailandia, Filipinak, Vietnam, Txad—. Libiarekin egindako akordioak baliatuta 2007an joandakoak dira asko eta asko. Orain, Tunisian jarri dute helburua, baina oso bestelako baldintzetan, eta etsipenez.

Gerra hasi zenez gero, Tunisia kolapsatua dago, Ras al Ajdirko mugan; gero eta gehiago, gainera. Tunisia ez dago prestatuta horrelako migrazio jarioari aurre egiteko; horregatik, herrialdeko hainbat erakundek kanpaleku bat eraiki zuten iristen direnak hartzeko eta euren aberriratzea lehenbailehen prestatzeko, baina gehiegi dira, denak batera, gerratik ihesi. Armadak, berriz, iheslariak zaintzen ditu, gertutik, Tunisiako hirietara joan ez daitezen.

Shushako errefuxiatu gunean, Tunisiak Libiarekin duen mugatik bederatzi kilometrora, 20.000 lagun inguru daude, pilatuta; joan-etorrian aurpegiak aldatzen dira, izenak, baina kopuruak beti egiten du gora, inoiz ez behera. Horietako ehunka lagunek lortzen dute sorlekura bidea egitea, baina milaka eta milaka muga zeharkatzen saiatzen dira; batzuk alferrik, beste batzuk jakin noraino iristen diren.

Etxeratzeko izapideak

Gurutze Gorria eta Ilargi Gorria jatekoaz arduratzen dira, eta etxekoekin hitz egin dezaten doako telefono deiak egiteko aukera ematen diete. Gerra zeharkatu dutenentzako ongietorri moduko bat da, deskantsua hartzen hasteko aukera txiki bat, eta, zorte apur bat izanez gero, etxerako bide luzearen hasiera.

IOM Nazioarteko Migrazioaren Erakundeak bideratzen ditu jaioterrira itzultzeko eskaerak, etxeratzeko izapideak, eta Djerba aireportutik edo Zarzis portutik aberriratzen dituzte. Armada arduratzen da errefuxiatuen guneari barne egitura eskaintzeaz, eta medikuak ospitale zerbitzuez. Mugarik Gabeko Medikuak lehen lerroan daude, Libiara igaro nahi eta ezinean, eta handik datozen gaixo larrienak artatzen. Ehunka tunisiar boluntario daude haiekin, laguntzeko prest.

Zeharkaldi luze eta gogorretan, iheslari askok eta askok hilketak eta umiliazio larriak ikusten dituzte, eta gehienek jasaten dituzte lapurretak, kolpeak eta mehatxuak Libiako Gobernuaren indarren eskutik. Errefuxiatu gehienak Misratatik, Tripolitik, Zuuaratik, Sebratatik edo Az Zauijatik datoz Shushara; erregimenaren tropak non hartzen duten kontrola, handik.

Bangladeshkoa da Birlob, eta kontatzen du mugara bidean lapurreta egin zietela Muammar Gaddafiren soldaduek, errepideko hainbat postutan. Diru guztia kendu zieten, baita sakelakoak ere, argazkiak ateratzea eta edozer grabatzea saihestearren. Ziurtatu duenez, «zeharkatutako hirietan dozenaka gorpu» ikusi zituzten, trapu zaharrak balira bezala, botata. Nigeriakoa da, berriz, Sutchi, urtebetez Zuuian eraikuntzan lanean aritutakoa. «Gaddafik telebistaz gerra iragarri zuenean matxinoen kontra, Tripolira ihes egitea erabaki genuen leku berean bizi ginen hiru gizonek, 6 urteko umea zuen emakume batek eta nik, baina kosta egiten da ateratzea, eta bidaia luzea da. Handik Zuuarara joan ginen, eta, ondoren, mugara iritsi ginen».

Ras al Ajdirrera iritsi berritan kontatu du hori.Sutchik eta haren lagunek ere baieztatu dute gorpuak taldeka ikusi dituztela eta errejimenaren tropek lapurreta egin dietela. «Agintzen dutenari kontra eginez gero, jipoi izugarriak ematen dituzte, aukerarik onenean», Salfulek sufrimenduz gogoratzen du jasan duten krudelkeria. Bangladeshkoa da bera. Denek dute izua begiradan, eta inoiz ahaztuko ez dituzten argazkiak oroimenean.

Gaddafiren kontrolpean

Libiatik 600.000 gizon, emakume eta haur atera dira lurrez gerra hasi zenetik, hilabetean. Milaka iheslariren helburua da kanpalekura iristea. Egunez oso gutxik lortzen dute zeharkatzea. Esaten dutenez, erregimenak ahaleginak egiten ditu lurraldea kontrolpean duela erakutsi nahian; beraz, gehienek gauez egiten dute martxa. Hara iristen direnek badakite koronelak noiz edo noiz oztopoak jartzen dituela mugan. Hori da arriskutik libratzeko azken urratsa. Badira ibilbide luzea egin ondoren metro gutxira gerarazi dituztenak, zerraldo.

Tunisiako mugan, bertako armadak iristen direnei pasaportea kenduta egiten die ongietorria; bisarik ez dutenez, gorde egiten du iritsi berrien sorterrirako izapideak egin arte, Tunisiako hirietara alde egin ez dezaten saihesteko. Agiri bat jasotzen dute pasaportea berreskuratu ahal izateko.

Autobus batean eramaten dituzte mugatik kanpalekura, eta jatorriaren araberako ilaratan jartzen dira, boluntarioek futbol zelai batean antolatutakoetan. Shusha arezko lurraren gainean eraikia dago, eta ia ezinezkoa da han ibiltzea, gauez batez ere, eta nekatuta eta atsekabetuta, bagajez lepo, zer esanik ez. Ondoren,kanpadendatan banatzen dituzte, beste hamabost edo hogei lagunekin batera. Te beroak suspertzeko aukera izaten dute batzuek, eta jendearen berotasuna denek.

Egunsentian, dendetatik hozminduta ateratzen direnean, egurats gorrian lekuren bat topatzen saiatzen dira pixa edo kaka egiteko. Denden arteko kale inprobisatuetan elkartuz joaten da jendea, eta orduan hasten dira errenkadak, edozertarako: dutxa hartzeko, iturrietan arropa garbitzeko, argindarra erabiltzeko eta mokadua eskuratzeko, jatekoa amaitzen den bitartean. Asko, orduak itxaroten egin ondoren, jan gabe geratzen dira.

Ohiko beste irudi bat izaten da OIMk ezarria duen postuaren inguruan sortzen dena. Han esertzen dira euren izena noiz entzungo, pasaporteak itzuli eta sorterrira eramango dituzten pribilegiatuen izenak zerrendan megafoniatik esaten dituztenean. Izendatutako haiek gauean eramaten dituzte Djerba aireportura eta Zarzis portura.

Bangladeshkoek eta Somaliakoek itxaronaldi luzeagoa dute, Tunisiak ez du-eta herri haietako enbaxadarik. Ghanako eta Sudango herritarren ordezkariek, berriz, ez ikusia egiten dute; ez dituzte nahi. Gero eta maizago ikusten dira Ghanako iheslariak, banderatzarrak eskuan eta Ghana hemen daude zure seme-alabak pankarta daramatela; dantzan, kantari, inoiz iristen ez den aberriratzea salatu nahian, noiz lortuko kazetarien eta argazkilarien atentzioa nazioartea euren egoeraz jabe dadin. Noiz, etxekoak kontura daitezen zein egoeratan dauden.

Gerrak dirau Libian, luze joko du, eta, egunero, beti dira gehiago Shushako iheslariak. Askorentzat etorkizunak ez du datarik, eta gaurko egunak ez du gosea eta denbora besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.