Italiako Senatuan bata bestearen ondotik bota dituzte atzera Silvio Berlusconi kanporatzearen aurka Forza Italiako ordezkariek aurkeztutako emendakinak. Mediaset auzian lau urteko espetxe zigorra ezarri zion Auzitegi Gorenak abuztuan lehen ministro ohiari, iruzur fiskala egotzita. Mario Montiren gobernu teknokratak onartutako Severino legearen arabera, inhabilitazio zigorrarekin batera senatari izateko duintasuna galdu du.
"Demokraziaren dolua" gaitzetsi du Berlusconik, baina Senatuaren atarian bildutako jarraitzaileek bakarrik entzun diote. Goi ganberako eserlekuarekin batera, immunitatea ere galduko du Il Cavaliere-k. Eta garai txarrean jaso du kolpea, PDL Askatasunaren Herria alderdia bitan zatitu eta Italiako eskuina nozaezean baitago. Forza Italia birsortuak babesten du Berlusconi, baina Angelino Alfanok eta diputatu ugarik Zentro-Ezker Berria alderdira ihes egin diote.
Berlusconiren ahuldadearen erakusgarri, Enrico Lettaren gobernuak aurrera atera zituen atzo 2014ko aurrekontuak, Forza Italiak babesa kendu eta biharamunean. Hogei urtean agintean egon zena, gobernuaren jarduna baldintzatzeko gauza ere ez dela ohartu da.