azken ordukoa

Silvio Berlusconiri lau urtetik urtebetera jaitsi diote espetxe zigorra

Zerga iruzurragatik zigortu dute. Epaiaren arabera, Italiako lehen ministro ohiaren zenbait enpresak filmak erosi eta balio zuten baino garestiago saltzen zizkioten Mediaset ikus-entzunezkoen enpresari, hori ere Berlusconirena; modu horretan, irabaziak murriztu eta zerga gutxiago ordaintzen zituen Mediasetek. Kargu publikoak betetzeko debekua ere ezarri diote.

Berria.info
2012ko urriaren 26a
22:36
Entzun

Silvio Berlusconi Italiko lehen ministro ohiari lau urteko espetxe zigorra ezarri diote gaur arratsaldean Mediaset auzia dela-eta zerga iruzurra egin zuelako. Milango Epaitegiak ezarri dio zigorra. Espetxe zigorraz gain, kargu publikoak hiru urtez betetzeko debekua ere ezarri diote, eta hamar milioi euroko isuna. Berlusconik helegitea aurkez dezake erabakiaren kontra, eta hor zigortuko balute ere, beste helegite bat aurkeztu ahal izango luke. Hala ere, epaitegiak berak kartzela zigorra urtebetera jaitsi dio, 2006ko indultu legea aplikatu baitio.

Epaiaren arabera, Mediaset ikus-entzunezkoen enpresaren irabaziak faltsutu zituen Berlusconik, zehazki AEBetako filmei zegozkienak. Epaileek frogatutzat eman dute Berlusconiren beste enpresa batzuek saldu zizkiotela filmak Mediaseti, balio zuten baino garestiago, modu horretan Mediasetek irabaziak murriztu eta zerga gutxiago ordaindu ahal izateko.

Aurreko hiru zigorrak saihestu egin ditu

Orain dela zazpi urte hasi zen Mediaset auzia. Lehen ministro oiharekin batera, Frank Agrama ekoizlea hiru urtera zigortu dute. Fedele Confalonieri Mediaseteko presidentea absolbitu egin dute. Fiskaltzaren arabera, 470 milioi euroko operazioa izan zen Mediaseten burutu zutena.

Berlusconi zigortzen duten hirugarren aldia da gaurkoa. Aurreko bietako lehenengoan amnistia eman zioten, eta bigarrengoan eta hirugarrengoan, helegitea aurkeztu ondoren, preskribatutzat jo zuten delitua. Aurten ere Milango Epaitegiak Mills auzian errugabetu egin zuen Berlusconi, leporatzen zitzaion delitua preskribatutzat zegoelakoan. Hor ere ustelkeria leporatzen zioten, eta fiskaltzak bost urteko kartzela zigorra eskatzen zuen.

Aipatutakoez gain, beste bi auzi ditu zabalik:

- Mediatrade. Bidegabeko jabetzea eta zerga iruzurra egozten dizkiote.

- Ruby. Adingabeak prostituziora bultzatzea eta boterea gehiegikeriaz erabiltzea leporatzen diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.