«Simon Trinidadek ere egon behar du mahai honetan»

Azken uneko erabakia izan da Tanja Nijmeijer nederlandarra ere FARCen ordezkari gisa sartzea negoziazioetan

Samara Velte.
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
«Ez pentsa erraza izan denik guretzat oihana utzi eta hona etortzea». Urte luzez klandestinitatean aritutako FARCeko kideek eman zuten atzo aurpegia Oslon. Luciano Marin Arango, Ivan Marquez, izan zen gehienetan hitza hartu zuena, aspaldiko hainbat bidelagunek babestuta. FARCeko bigarren burutzat jotzen dute bera, eta ondoan zituen, besteak beste, Rodrigo Granda, Ricardo Tellez, eta Jesus Santrich ezizena daraman Seuxis Paucias Hernandez Solarte.

Agerraldian faltan bota zuten, ordea, Juvenal Palmera Pineda Simon Trinidad-en presentzia. 2004tik AEBetan dago preso; 60 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, hiru estatubatuar bahitzea leporatuta. Marquezek AEBetako Gobernuari eskatu zion «serioski» azter zezala Trinidad negoziazioetarako askatzeko aukera: «Nelson Mandelak ere espetxetik hartu zuen parte bake prozesuan». Kolonbiako Gobernuari ere eskatu zion baldintzak jar zitzala Trinidaden presentzia bermatzeko; hori euren eskumena ez dela erantzun zion geroago Humberto De la Callek, gobernuko ordezkariak.

Nijmeijer ere taldean

Azken unean, Tanja Nijmeijer ere negoziazio taldean sartzea erabaki du FARCek. Jatorriz, nederlandarra da Nijmeijer, baina hamar urte daramatza FARCen militatzen. Erabakiak luzatu egin ditu hura Oslora eramateko tramiteak, Nijmeijerren gaineko atxilotze agindua indargabe uzteko prozesua desberdina delako.

Kolonbiako Gobernuak aukeratutako negoziatzaileek herrialdeko elite politiko eta ekonomikoa ordezkatzen dute. De la Callez gain, Luis Carlos Villegas abokatuak ere hartu du parte; Kolonbiako enpresarien elkarteko presidentea da. Armadako bi ordezkari ere egon dira: Jorge Enrique Mota jeneral ohia eta Oscar Naranjo poliziaburu ohia. Bestalde, Santos presidentearen gertukoa den Sergio Jaramillo kontseilaria ere Oslon izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.