munDUA

Sinatu du Poloniak Lisboako Ituna

Lech Kaczynski presidenteak izenpetu du, Europa Batasuneko buruak ondoan zituela. Irlandak bigarren erreferendumean baiezkoa eman izanak animatu du. Ituna indarrean sartzeko, Europa Batasuneko beste 26 estatuak Txekiaren zain dira.

2009ko urriaren 10a
14:10
Entzun
Ostegunean iragarri bezala, gaur sinatu du Lech Kaczynski Poloniako Gobernuko presidenteak Lisboako Ituna. Erabakigarria izan da Irlandak baiezkoa eman izana bigarren erreferendumean, hango emaitzaren zain baitzen Kaczynski kontserbadorea, nahiz eta Poloniako Parlamentuak eta Senatuak sostengua emana zioten itunari.

Poloniako buruak gaurko sinatze ekitaldian ondoan izan ditu Europa Batasuneko Batzordeko eta Parlamentuko bi lehendakariak: Jose Manuel Durao Barroso eta Jerzy Buzek. Europa Batasuneko oraingo presidentea ere han zen: Fredrik Reinfeldt suediarra.

Txekia falta da

Txekiar Errepublika da ituna berretsi ez duen Europa Batasuneko estatu bakarra (27 dira denera), eta haren sinadura beharrezkoa da Lisboako Ituna indarrean sartzeko.

Han ere Parlamentuan eta Senatuan emana dute sostengua, baina Vaclav Klaus Gobernuko presidentearen sinadura falta da. Hamazazpi senatarik itunari hango Auzitegi Konstituzionalean jarritako helegitearen kontua konpondu beharko dute, hala ere, itunak aurrera egin baino lehen; Txekiako Konstituzioaren kontrakoa dela argudiatu dute.

Gainera, Klausek ostegunean baldintza bat jarri zuen sinatzeko: itunean Oinarrizko Eskubideen Karta jasotzea.

Urriaren 29an eta 30ean bilera egingo dute Batasuneko ordezkariek, Irlandako emaitzak eta Txekiarekin hartu beharreko jarrera aztertzeko eta Europako goi mandataria aukeratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.