Frantziaren menpeko Antilletan, Guadalupeko uhartean, joan den urtarrilaren 20az geroztik dirauen gatazka soziala larriagotu egin da. UGTG langile sindikatu independentistako kide batek bizia galdu zuen, izan ere, asteartetik atzora arteko gauean. Frantziako presidente Nicolas Sarkozy gaur bilduko da ozeanoaz bestaldeko hautetsiekin, Parisen. Gori-gorian dagoen egoerari irtenbidea aurkitzen ahaleginduko dira bilera horretan.
Jacques Bino UGTG Guadalupeko Langileen Batasun Nagusiko sindikalista Point-a-Pitre hiriko Henrike IV.a auzunean hil zuten, 47 urte zituela. Gertakarien lekuko izan zirenen arabera, tiroketa baten erdian harrapatuta gelditu zen. Antza, gazte batzuek eraikitako bide trabaren inguruan zeuden polizien kontra tiro egin zuten manifestariek. Eta baletako batek Jacques Binot jo zuen, bularrean.
UGTGko kide izateaz gainerat, hildakoa LKP Xurgatzaileen Aurkako Batasuneko partaide ere bazen. Kolektibo horrek Guadalupen iragan urtarrilaren 20az geroztik dirauen greba orokorra sostengatzen du. Uharteko herritar gehienek pairatzen duten egoera salatzeko hasi zuten greba: bizitzea garestiegi delako, hain zuzen. Horregatik, hilean 300 euroko lansari emendakina eskatzen dute, egoera horri aurre egiteko.
UGTGko eta LKPko arduradunek emandako datuen arabera, Bino koordinaketa bilera batetik atera berria zen; bertan hainbat manifestari gazte batzuei arduraz jokatzeko eskatzea erabaki zen. «Kontrola ezinak diren gazte batzuk badaude, eta neurriz jokatzeko eskatu nahi genien», azaldu du LKPko partaide Max Celestek.
Prefetaren erantzukizuna
Sindikalistaren heriotza gertakari larriena izan bazen ere, beste istilurik jazo zen Pointe-a-Pitren, eta handik hurbil dagoen Baie-Mahaulten. Lehenengoan manifestarien eta jendarmeen arteko borroka gogorrak izan ziren, astearte gauean; barrikadak edonon zeuden. Pointe-a-Pitretik hamar kilometrora dagoen Baie-Mahaulten ere liskar bortitzak piztu ziren; liskarretan, hiru jendarme arin zauritu zituzten, ehizarako armekin.
Baie-Mahauteko alkate Ary Chalusek «kaosa» dela nagusi salatu du, eta gaineratu: «Odola isurtzeko arrisku handia dago; 15 urteko gazteak ikusten dira jendarmeei tiro egiten». Guadalupeko prefetaren, Nicolas Desforgeseren, esanetan, «egun argi eta gauez bizi duten errealitatearen artean alde nabaria dago. Egunez ongi antolatutako manifestazioak egiten dituzte, kalean trabak jartzen badituzte ere; gauez, aldiz, gatazka sozialarekin zuzeneko harremanik ez duten hainbat gaztek istiluak sortzen dituzte Lapurretak izaten dira, eta urrean topatzen dutena apurtzen dute».
UGTGko eledun eta LKPko partaide Edo Domotak, baina, Parisen jarrera salatu du: «Hilabete egin zutenean greban, egoera kontrolpean genuen. Baina, prefetak jendarmeak bidali ditu manifestariei aurre egin diezaioten; eta kameren aurrean ere jipoitu dituzte poliziek. Horrek giroa sumindu du». Langilearen heriotza jazo eta gero, Domotak lasaitzeko deia zabaldu du: «Probokazioei ezerantzun. Ez ezazue zuen bizia eta besteena arriskuan jarri». Antzeko deia egin du Frantziako Gobernuko eledun Luc Chatelek.
Sindikalista bat hil eta gatazka indartu egin da Guadalupen
Jacques Bino UGTG sindikatu independentistako kidea Poliziaren eta manifestarien arteko tiroketan hil dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu