Intsentsu usaineko erritu, sinbolo eta latinkadaz betetako egunotan, berriz ere munduaren ikusmina piztea lortu du Eliza katolikoak. Baina aita santu berria hautatzeko konklabeak nekez ezkutatzen du Erromako Elizarentzat ezohiko egunak direla; horren erakusgarri da oraindik ere aurreko aita santua bizi-bizirik izatea. Barne ika-mikak omen dira Benedikto XVI.a erretiratu izanaren arrazoia; ez omen du haiek bideratzea lortu. Etxekoak konpontzeko lanek, dena den, ez diote eragotzi Ratzingerri, Done Petriren aulkian eserita egon den artean, beste arerio batzuei begiratzea: "estremismo ateoa", "laizismo oldarkorra", "erlatibismoaren diktadura", "sekularismo erradikala"... hitzetik hortzera erabili izan ditu Benedikto XVI.ak bere entziklika, sermoi eta eta hitzaldietan.
Haiek omen dira, Elizaren inguruko eskandaluak baino gehiago, Mendebaldeko herrialdeetan fedea izaten ari den krisiaren erantzuleak. Eta, ondorioz, haien erruz, gizakia hainbat gaitzen mehatxupean bizi omen da egunotan.
Hari horretatik ulertu behar da, ziurrenez, Ratzinger aita santuak ateismoa eta sinesgabetasuna hainbat gaitzekin lotu izana. Hala, Erresuma Batura egindako bisitan, 2010eko irailean, "Jainkoa gizartetik egotzi nahi izan zuen nazismoa" aipatu zuen, eta segidan "sekularismo erradikala" gaitzetsi. Bere mezua tokira egokitzen dakiela erakutsiz, hilabete geroago, Espainian, Ratzingerrek "laizismo oldarkorra" eta errepublikako "antiklerikalismoa" lotu zituen. Eta, iaz, AEBetan, adierazi zuen "sekularismo erradikala" erlijio askatasunarentzat ere mehatxua zela.
Aurretik, 2009an egindako audientzia batean, ingurumenaren hondamena ere lotu zuen ateismoarekin: "Ez al da egia kreazioaren erabilpen bidegabea Jainkoa baztertzen den tokian edota haren existentzia ukatzen den tokian hasten dela? Giza kreaturaren eta Sortzailearen arteko harremana ahultzen bada, materia ondasun egoista bihurtzen da; gizakia, ‘azken autoritate’; eta existentziaren helburua ahalik eta gehien edukitzeko norgehiagoka suhar bilakatzen da".
Luze joko luke Ratzingerrek sinesgabetasunaren inguruan esandako guztiak aipatzeak. Hainbeste dira, interesgarria da arreta jartzea zeri begira egiten dituen adierazpenok Eliza katolikoak. Zeri begira? Datuei. Datuek erakusten dute Mendebaldeko herrialdeetan eta, batez ere, Eliza katolikoaren gotorleku nagusian, Europan, sekularismoa tokia hartuz doala urtetik urtera.
Gazteen %45
Ez dago oso urrutira joan beharrik gizarte gero eta sekularrago batean bizi garela ikusteko: Eusko Jaurlaritzak iaz egin zuen aniztasun erlijiosoari buruzko ikerketan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen laurdenak bere burua ateotzat, agnostikotzat edota sinesgabetzat jotzen zuen. Gazteen artean, berriz, sekularizazio hori are nabarmenagoa da: aurten bertan argitaratutako EAEko gazteriaren sinesmen eta erlijiozaletasunari buruzko inkestan, euren burua sinesgabe, ateo edo agnostikotzat jotzen dute gazteen %45ek.
Agerikoago edo ezkutuago, ateismoa edo sinesgabetasuna beti egon da presente Euskal Herrian, erlijio katolikoaren presentzia hegemonikoa izan bada ere. Hala, ezaguna da Eibarren frankismorik ilunenean ere apaiz laiko bat zegoela, batez ere, errepublikazale ezkertiarren hiletak bideratzen zituena. 80ko hamarkadaren amaieran, bestalde, hauts dezente harrotu zituzten zenbait hiri eta herritan egin ziren prozesio ateoek. Gaur egun, asko dira hiletak elizatik kanpo egitea errazten duten herriak.
Beharbada, ez daudelako antolatuak erlijioak dauden moduan, sinesgabeen ahotsa ez da horren ozena. Baina egon badaude sinesgabeak, eta ez dira gutxi. AEBetako Pew Center think tank-aren arabera, 2010ean munduko biztanleen %16, 3k ez zuten inongo erlijiorekin bat egiten; hots, 1.100 milioi sinesgabe zeuden munduan, ia katolikoak adina. Ikerketa horren arabera, 2.200 milioi lagun ziren kristauak (%31,5), eta horien erdiak ziren katolikoak. Gero, musulmanak zeuden, 1.600 milioi, munduko biztanleen %23,3, eta atzetik hinduak, 1.000 milioi (%15).
Orain gutxi Win/Gallup International elkarteak 57 herrialdetan egindako inkestaren arabera, mundu osoan galdetutakoen %23k dute beren burua pertsona ez erlijiosotzat, eta, horiez gain, beste %13k dute beren burua ateotzat. Europa mendebaldean, %32 eta %14 dira, hurrenez hurren.
Jakina, sinesmenez ari garela, ez da erraza sailkapenak egitea, eta batzuek gaitzetsi egingo dute ez-erlijiosoak, agnostikoak eta ateoak poltsa berean sartzea.
Horrekin batera, sailkapenak eta inkestak egitean, aintzat hartu behar da beste aldagai bat ere: nork bere burua ateotzat aurkezteko zailtasuna. Zenbait gizartetan ez delako inolaz ere erraza jendaurrean ateo gisa aurkeztea. Gurean bertan, duela ez hainbeste urte, elizara igandero joaten ez zena jendaurrean gaitzetsi egin zuten bere herrian, eta okerragoak ere gertatzen ziren.
Alde horretatik, azkenaldian ateo elkarteek armairutik atera beharra azpimarratzen dute, bai euren aldarrikapen aldeko borrokan batzeko, bai aldarri horiek gizartean ikusgarriago egiteko. Ildo horretan, ateismoaren inguruan azken urteotan oihartzun handiena izan duen egitasmoa autobus ateoa izan da. Erresuma Batuan abiatu, eta beste hainbat herrialdetan zabaldu zen, eta Eliza katolikoak biraotzat hartu zuen.
Baina armairutik ateratzeak ere badu beste helburu bat: ateismoak eta ateoek urteetan nozitutako mezu deabrutzaileei aurre egitea. Izan ere, ateoak ere gaizki ikusiak daude, adibidez, AEBetan, eta diskriminazioa jasan dezakete zer diren esanez gero. Gallupek 2011n egindako inkesta batean, estatubatuarren %9k zioten ez luketela sekula bozkatuko presidente judu baten alde; %22k ez lukete mormoi bat hautatuko; eta %32k ez lukete gay edo lesbiana baten alde bozik emango. %49k ez liokete sostengurik emango hautagai ateo bati. Beste datu bat ere deigarria da: Pew Centerren arabera, estatubatuarren %53k uste dute jainkoan sinestea ezinbestekoa dela morala izateko.
Europan ateismoak, batez ere, laizismoaren aldeko aldarrikapenak ditu helburu, baina AEBetako borroka lekurik garrantzitsuena beste bat da, elkar hartzeaz eta euren ahotsa entzunarazteaz gain: kreazionismoa eta haren azken aldaera, espezieen eboluzioa ukatzen duen diseinu inteligentearen teoria, AEBetako zenbait eskolatan ezarri dena.
Gauzak aldatzen
Baina AEBetan gauzak aldatzen ari dira, neurri handi batean Internetek eta sare sozialek eskainitako baliabideei eta hainbat zientzialari eta pentsalariren lidergoari esker. Ateoen eta haien elkarteen ahotsa gero eta ozenagoa da, eta, AEBetako gizartean, gero eta gehiago ikusten dira haien aldarrikapenak. AEBetan ere gizartea gero eta gehiago sekularizatzen ari dela diote datuek. Hala, Win Gallupen datuen arabera, 2005ean, estatubatuarren %73k zuten euren burua erlijiosotzat; 2012an, %60 ziren. Ateoak, berriz, 2005ean, %1 ziren, eta 2012an,%5.
AEBetan soilik ez, Internetek ateismoaren inguruko elkarteak eta gaiari buruzko eztabaidaguneak ugaritzea ekarri du. Asko dira webguneak, baina erreferenterik handienetako bat Richard Dawkins zientzialariaren Arrazoi eta Zientziarako Fundazioa da: richarddawkins.net. Badago munduko ateoen errolda moduko bat egin nahi duen beste webgune bat ere: www.atheistcensus.com. Haien antolatzaile Ateoen Nazioarteko Aliantzaren arabera, hainbat eraso jasan ditu webguneak, eta babes neurri handiak hartu behar izan dituzte hari eusteko.
Eta gero, herrialde zenbaitetan, zuzenean debekatuta dago ateismoa. Afganistan, Iran, Mauritania eta Saudi Arabian heriotza zigorra izan daiteke sinesgabetasuna praktikan jartzearen edo agertzearen ordaina. Ateismoa aldarrikatzea birao larritzat jotzen da, adibidez, herrialde musulman askotan. Horren erakusgarri da Indonesian Alex Aan gazteari gertatutakoa: "Jainkoa ez da existitzen", idatzi zuen Facebooken; herrialde hartan, teknikoki erlijio askatasuna bermatuta dago, baina legeak sei sinesmen soilik babesten ditu; atxilotu egin zuten horregatik, eta fiskalak harentzat 11 urteko kartzela zigorra eskatu zuen, "biraoa egiteagatik". Epaiketaren aurretik kartzela batetik beste batera aldatu behar izan zuten, preso talde batek gogor jo zutelako. Azkenean, bi urte eta erdiko kartzela zigorra jaso zuen Aanek.