Iraken okupazioa

Siria eta Jordaniako mugak eta Bagdadeko aireportua itxiko ditu Irakeko Gobernuak

"Irak osoan, eta, bereziki, Falujan, segurtasuna bermatzeko" larrialdiko sei neurri hartzea erabaki du Irakeko Gobernuak. Iad Alaui lehen ministroak berak eman du neurri horien berri, eta, besteak beste, Siria eta Jordaniako mugak itxiko dituzte eta baita Bagdadeko nazioarteko aireportua ere (azken hori 48 orduz). Halaber, etxeratzeko deia jarriko dute indarrean Falujan eta Ramadin. Bitartean, AEBetako Armadak eta Irakekoak Faluja setiatzen eta bonbardatzen jarraitzen du. Gainera, hiria lurrez inbaditzen ere hasi da.

2004ko azaroaren 8a
18:51
Entzun
AEBek Falujaren kontrako eraso handia hasi dute. Bonbardaketez gain, hiria lurrez inbaditzen ere hasi dira. Iparraldeko auzoetatik sartu dira, Al Jazeera telebista kateak jakinarazi duenez.

Bart gauean, esaterako, estatubatuarren bonbardaketen ondorioz gutxienez 9 irakiar hil direla eta 16 bat zauritu dituztela agertu dute Falujako osasun zerbitzuetako iturriek. Alaui lehen ministroak beranduago esan du 38 erreboltari hil dituztela AEBetako soldaduek Falujako erietxean kontrolpean hartzeko erasoan.

Bestalde, hiri horretan gotortuta dagoen erresistentzia sunitak AEBetako hegazkin espia bat (piloturik gabekoa) bota duela zabaldu du Al Jazeera telebista kateak.

Siria eta Jordaniako mugak eta Bagdadeko aireportua itxi eta Falujan eta Ramadin etxeratzeko deia ezartzeaz gain, bi hiri horietan armak daramatzan jende guztia atxilotu egingo dutela iragarri du Irakeko lehen ministroak.

Bi hildako Bagdaden, atentatu batean

Bestalde, Bagdad hiriburutik aireportura doan errepidean ( heriotzaren errepidea esaten diote) bonba bat leherrarazi dute gaur goizean, iturri batzuen arabera, AEBetako Armadako konboi bat pasatzen ari zen unean. Iturri horiek agertu dutenez, segurtasun guardak —irakiarrak zein atzerritarrak— zeramatzan ibilgailu bat harrapatu du eztandak, eta bi dira hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.