Siriako gerra

Siria iparraldeko Jarabulus herria hartu dute Turkiaren babespeko matxinoek

Turkiako hogei tanke inguruk bi herrialdeen arteko muga zeharkatu dute, gerrilla kurduen eta Estatu Islamikoaren aurka egiteko aitzakian. Joe Biden AEBetako presidenteordeak milizia kurduei eskatu die Eufrates ekialdera erretiratzeko

Goizaldean sartu dia Turkiako tankeak Siriaren menpeko Kurdistanen. SEDAT SUNA / EFE
2016ko abuztuaren 24a
07:47
Entzun

Turkiako presidenteak iragarritako Estatu Islamikoaren eta gerrilla kurduen aurkako borrokaren bigarren fasea abiatu du gaur Ankarak, eta lurreko erasoaldia hasi du. Goizaldean, hogei bat tanke sartu dira Siria iparraldean, eta Jarabulus mugaldeko hiria hartu dute FSA Siriako Armada Askeko matxinoek. Aurretik, baina, gerra hegazkin turkiarrek gogor bonbardatu dituzte  inguruak, eta gutxienez 29 lagun hil dituzte. Beste 3.000 bat pertsona Mabijera ihes egin dute, kurduen kontrolpeko eremura.

Recep Tayyip Erdogan presidenteak nabarmendu du "Siriaren lurralde batasuna babestea" dela erasoaldiaren helburua. Aspaldi iragarritako "segurtasun eremua" ezarri nahi du Ankarak, eta, horretarako, FSAko matxinoak erabili nahi ditu. Orain bi aste kurduek Estatu Islamikoa kanporatu zuten Majibetik, baina Turkiak nahi du eremu hori kontrolatu. YPGen buruzagi Saleh Muslimek esan du Turkia "Siriako krisiaren zingiran itoko" dela, eta uko egin dio erretiratzeari. Halere, kolpe handia jaso du kurduen diplomaziak, orain arte aliatu izan den Washingtonek bizkarra eman baitio. Hain justu, Turkiak inbasioa hasi duen egunean Joe Biden AEBetako presidenteordeak bisita ofiziala egin du Ankaran, eta milizia kurduei eskatu die Turkiaren eskakizunak betetzeko, eta Eufrates ibaiko beste aldera erretiratzeko. Hori egin ezean SDFek AEBen babesa galduko luketela esan du Bidenek.

Apenas borrokarik egin gabe hartu dute Jarabulus Turkiaren babespeko matxinoek. Izan ere, hainbat adituk esan dute EIk Siria iparraldean defentsa lerroak atzeratu dituela. Gerra zibila hastean FSA oposizioko indar nagusia zen, baina indarra nabarmen galdu du azken urteetan, talde islamisten alde. Zenbait zonaldeetan Al-Nusra Frontea eta beste talde jihadistekin elkarlanean aritu da.

Damaskok gogor kritikatu du Turkiaren esku hartzea. Azken asteetan isilik egon ostean, Siriako Gobernuak gogor gaitzetsi du erasoaldia gaur eta herrialdearen subiranotasuna urratzea egotzi dio Erdoganen erregimenari. Atzerri Ministerioak ohartarazi du "terrorismoaren aurkako borroka" Siriako lurretan egingo bada, Gobernuarekin eta Armadarekin elkarlanean egin behar dela. "Terrorismoaren aurkako borroka ez da EI kanporatu eta haren lekuan Turkiak kontrolatutako beste gerrilla batzuk jartzea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.