Siriako Gobernuak aske utzi ditu, gaur, Baxar al-Assad presidentearen kontrako protestetan parte hartzeagatik atxilotutako 500 preso, gobernua Kofi Annan NBE Nazio Batuen Erakundeko eta Arabiar Ligako bitartekariarekin bildu eta bi egunera.
Siriako Armada Askeko buruzagietako batek, Riad al-Assad-ek, Annani eskatu dio su-etenaren "porrota" onar dezala, presidentearen aurkako "borroka armatua" berriro hasi ahal izateko helburuarekin. Hala jakinarazi du Al-Jazeera telebista kateak.
Al-Assadek ziurtatu du Siriako Armada Askeak bete egin dituela su-etenaren inguruan hartutako konpromisoak.
Apirilaren 12an sartu zen indarrean Arabiar Ligak eta NBEk Sirian bultzatutako su-etena.