Siriak bertan behera utzi du Larrialdi Legea, protestak indarrez sakabanatu arren

Barne Ministerioak manifestazioetan parte hartzeari uko egin diezaioten eskatu die herritarrei

Erredakzioa
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Jarrera kontraesankorra erakutsi du beste behin Bashar al Assadek; Larrialdi Legea bertan behera utzi badu ere, herrialde osora zabaldu diren protestak isilarazteko indarra baliatzen jarraitzen baitu presidenteak. Sirian 1963. urtetik dago indarrean salbuespen egoera bermatzen duen etaherritarren eskubideak murrizten dituen legea. Telebista publikoak jakinarazi du ministroen kontseiluak onartu duela lege dekretua, nahiz eta neurria indarrean sartzeko, presidentearen sinadura behar den, eta azken izapide hori egin denik ez dute argitu iturri ofizialek.

Al Basharrek babestutako lege sorta zabalagoa izan da; Segurtasun Handiko Estatu Auzitegia ere bertan behera utzi baitu. Freedom House gobernuz kanpoko erakundearen arabera, egitura horrek helegiteak aurkezteko eskubidea baldintzatzen zuen eta torturapean eskuratutako deklarazioak onartzen zituen. Sirian zuzenbide estatua urratuta egon dela salatu dute urteotan giza eskubideen alorrean lanean aritu diren ekintzaileek, epaiketa justu baterako baldintzak bermatuta ez zeudela argudiatuta.

Al Basharrek larunbatean hitzeman zuen aste honetan utziko zuela bertan behera Larrialdi Legea. Bere kontrako protestak isilarazteko orain artean emandako urrats sendoena izan da oraingoa. Aurretik ere, dena den, hartu izan ditu neurri arinagoak; kurduei nazionalitatea aitortzeko dekretua onartu zuen duela bi aste, iragan ostegunean gobernu berria eratu zuen eta, era berean, batzorde bat eratu zuen legea bertan behera uzteko aukera aztertzeko.

Presidenteak neurri hartu baina ordu batzuk lehenago, hala ere, manifestariak sakabanatzeko neurriz kanpoko indarra baliatu zuten segurtasun indarrek. Homs hirian goizaldeko bostak arte luzatu ziren protestak, eta oposizioko iturrien arabera, igandeaz geroztik 30 lagun hil dituzte hiri horretan. Al Jazeeraren arabera, manifestarien kontra tiro egin zuten poliziek; Omar Adlabi oposizioko ekintzailearen hitzak jaso zituen telebistak hiriko plazan milaka lagun elkarretaratu zirela zehaztuta. Bezperan hildako lagunen hiletetan piztu ziren protestak, ezen buruzagi tribal bat ere hil zuten.

Hiri sinbolikoa

Homs Siriako hirugarren hiri nagusia da —700.000 biztanle—, eta badu sinbolikoki garrantzia protestak hor ere piztu izana, izan ere, suniten kontra izandako jazarpen historikoaren lekuko izan da. Hama eta Homs hirietan 20.000 lagunetik gora hil zituen 1982an Hafez el Assadek; Anaia Musulmanen altxamenduari aurre egiteko hiriak bonbardatu zituen oraingo presidentearen aitak. Semea, horren makur ez bada ere, gogor egin die aurre orain artean otsailean piztu eta martxoan zabaldu ziren protestei. Giza eskubideen erakundeen arabera, honez gero 200 lagun baino gehiago hil dira.

Mohammed Ibrahim al Shaar Barne ministroak, bien bitartean, herritarrei dei egin die manifestazioetan parte hartzeari uko egiteko: «Herritarrei esaten diet ez dezatela parte hartu ezein ikurren izenean egindako martxetan». Homsen gertatutakoa «matxinada armatu» baten eragina izan dela ere esan du Al Shaarrek; «Gertatutakoak erakusten du erakunde salafisten matxinada armatua dela, batik bat Homs eta Baniasen». Azken hiri honetan protestak izan ziren atzo arratsaldean ere. Larrialdi Legea bertan behera gelditu arren —hori zen oposizioaren aldarrikapenetako bat—, ez dirudi manifestazioak baretuko direnik, ezen presidentearen dimisioa eskatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.