LIBANO

Siriak beste 2.000 soldadu atera ditu herrialdetik

Erredakzioa
2005eko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Siriako 8.000 soldadu besterik ez dira geratzen Libanoko lurretan, atzo Damaskok beste 2.000 erretiratu ostean. Hala jakinarazi zuen atzo Libanoko armadaburuak. Era berean, Libano eta Siriako Batzorde Teknikoa datorren astean bilduko da erabateko erretiratzea noiz egin erabakitzeko. 1976an, gerra zibila hasi eta urtebetera sartu ziren Siriako tropak Libanon.

Bestalde, Libanoko Atzerri ministro Butros Asaker Nazio Batuen Erakundeak New Yorken duen egoitzara (AEB) joan zen atzo. NBEk Rafik Hariri lehenministro ohiaren hilketa ikertzeko nazioarteko batzorde independente bat sortzeko asmoa du. Ministerioko iturrien arabera, Beirut erabakiaren aldekoa da eta hori jakinaraztera joan da hara Asaker. Hariri joan zen otsailaren hil zen beste 17 pertsonarekin batera, leherketa baten eraginez.

«Txosten politikoa»

NBEk duela aste batzuk kaleratutako txostenak Siria egiten du Libanoko polarizazio politikoaren erantzule. Lehen ministroaren hilketa polarizazio horren ondorio izan zela uste dute ikertzaileek. Siriako presidente Bashar Asaden arabera, ordea, txostena politikoa da eta, frogetan oinarritu beharrean, esanetan oinarritu dute. «Ezin gaituzte erantzule egin, ez dagoelako horretarako arrazoirik. Bestalde, nola jakin dezakete heriotzaren zergatia, hiltzailea nor den ez badakite?».

Asaden esanetan, 1559 ebazpenaren inguruko eztabaidaz geroztik hasi dira Beiruten aurkako kritikak. Ebazpena joan zen irailean onartu zuen NBEko Segurtasun Kontseiluak eta, haren arabera, Siriak berehala erretiratu behar zituen tropak Libanotik. Horretaz gain, Al Arabia telebista kateak Haririren hilketaren eguneko irudiak plazaratu zituen atzo. Segurtasun kamerek hartutako irudiak ziren. Horietan, Mitshubishi markako furgoneta bat ikusten da hilketa izan zen kalean sartzen eta, handik minutu eta hamar segundora, leherketa entzuten da. Ikertzaileen arabera, ekintzaile suizida batek gidatzen zuen ibilgailua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.