Siriako erregimenak gaur beste hamahiru lagun hil ditu, Homs, Hama, Alepo, Nawa eta Deir Ezzorren, oposizioko iturriek esan dutenez. Hildakoen artean hiru ume daude.
Ekintzaile batek ohartarazi du oposizioak osasun zerbitzu eskasak dituela. "Bala zauriak dituzten lagunak artatzeko baliabideak baino ez ditugu, eta gutxi. Beraz, zauritu gehienak hil egiten dira", esan dio CNN telebista kateari.
Beste batek azaldu du Siria neurri gogorrak hartzen ari dela. "Homsen, adibidez, argindarra moztu du, satelite bidez ezin gara komunikatu, eta elikagairik ez dago, ezta umeentzako ere. Kalean ezin gara ibili, teilatuetan frankotiratzaileak baitaude".
Arabiar Ligako behatzaileen taldeko burua Siria helduko da aurki, "errepresioa" geratzen den ikusteko.