Hamarkada askotako etsaigoa bukatzeko Turkiaren bitartekaritzarekin bake elkarrizketak hasi dituztela onartu dute Israelek eta Siriak. «Bi aldeek negoziazio zintzoak egiteko borondatea agertu dute,erabateko bakea lortzeko, Madrilgo Bilkuran hitzartutako baldintzetan», adierazi du Mark Regev Israelgo lehen ministro Ehud Olmerten eledunak. Bi estatuek bake elkarrizketak «era irekian eta fede onean» egin nahi dituztela gaineratu du Siriako Atzerri Ministerioak. Israelen eta Siriaren arteko azken negoziazioak 2000. urtean izan ziren, Ameriketako Estatu Batuen parte-hartzearekin. Golango Gainari buruzko ezadostasunak, hau da, Israelek 1967an Siriari kendutako lurraldearen eskumenak, bakerakoitxaropen oro zapuztu zuen.
Nahiz eta bi herrialdeek aurreiritzirik gabe gatazka gainditzen saiatuko direla azaldu, akordiorako betiko oztopoekin egingo dute topo. Damaskoko gobernuak Golango Gainaren kontrola berreskuratzea jarri du baldintza gisa Israelekin bakea hitzartzeko. Ualid Muallem Siriako Atzerri ministroaren esanetan, orain Tel Avivek onartu egingo luke1967ko Sei Eguneko Gerran Siriari kendutako lurraldea itzultzea. Israelek ez du horri buruzko xehetasunik eman. Nolanahi ere, adituek diote ordaina eskatuko diola Olmerten gobernuak Siriari trukean. Irani eta Hamas eta Hezbola taldeei laguntza ematea leporatzen dio Damaskoko gobernuari, eta horiekin harremanak haustera derrigortu nahi du.
Israelgo ofizial batek azaldu duenez, Bashar al Assad presidentea gogobeteko duen plan bat igorri dio Olmertek Golango Gainaren inguruan. Funtsean, apirilean heldu zieten liskartutako bi gobernuen arteko harremanei berriz. Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogan bi aldeetako ordezkariekin biltzen hasia zen, herrialdeokin lotzen duen harremana baliatuz. Al Assadek Turkiako agintarien ahotik jakin zuen Israel Golango Gainetik ateratzeko prest zegoela bake elkarrizketak suspertzeko. Gero, maiatzaren 6an Tel Avivek jakinarazi zuen aurretiazko lana egina zegoela negoziazioei berrekiteko: «Ez dugu bakarrik elkarrizketa prozesua bideratu nahi,negoziazio politikoa dugu helburu». Al Assaden arabera, iaztik hasi zen Turkiako Gobernua bakerako bitartekaritza lanetan.
KONPONDU GABEKO GATAZKA. Israel eta Siria ez-beligerantzia egoeran daude 1974tik. Itxurazko neutraltasuna da, edozein unetan gerra leherraraz dezakeena. Lehenago, hiru gerretan borrokatu dira, Israelen sorretatik bertatik, 1948, 1967 eta 1973 urteetan piztutako gatazketan. Ondorenean, Libanoko lurretan ere lehiatu dira bi armadak, eta Israelek Siria bonbardatu du maiz. Azken erasoa irailean egin zuen, eta, bide batez, bien harremanak gaiztotu ziren. AEBei jarraiki, Siria Ipar Korearen laguntzaz eraikitzen ari zen zentral nuklearra eraitsi zuen Israelek. Damaskok ezeztatu egin zuen hori, eta eremu bakartuan soilik gune militar bat eraikitzen ari zela azaldu. Ildo horretatik, Iranen ekimen nuklearra laguntzea egozten dio Tel Avivek Damaskori.
Madrilgo 1991.urteko bakerako bilkura, ondoren AEBen bitartekaritzarekin 2000 urtean eginikoa eta Genevako saioa bata bestearen atzetik zapuztu ziren. Israelgo hedabideek argitaratu dutenez, gerora bilera sekretuak egin dituzte 2004 eta 2006 urteen bitartean, baina gaur arte ez dute aitortu agintariek bake elkarrizketak bideratu dituztenik. Golango Gainaren auzia izan dute betiere mahai gainean, eta akordioa lortu ahal izateko AEBak bitartekari izatea nahi zuen Siriak. Etxe Zuriko agintari berria ezagutu arte akordioa atzeratzea proposatu zuen, ondorioz. Turkiaren ekimenari esker, ordea, elkarrizketak abian jartzea onartu du. Bai Israelek eta baita Siriak ere eskerrak eman dizkiote Erdoganen gobernuari. Olmertek albiste ona lau haizeetara barreiatu du horrela, ostiralean Poliziak ustezko iruzurragatik bigarrenez galdekatu baino lehenago. Siriak berehala baieztatu du elkarrizketak dituztela.
GOLANGO GAINAREN GUTIZIA. Joan den apirilean Olmertek onartu egin zuen Golango Gaina Siriari itzultzea negoziazioak bermatzeko, baina adituek diote Israelgo gizarteak begi txarrez ikusten duela erabakia. Izan ere, armadak 1967ko gerran indarrez hartutako eremuan18.000 judu inguru bizi dira, 32 kokagunetan. Horrez gain, Tiberiades lakua dago eskualde horretan, Israelgo ur gezako putzu handiena. Hainbat legebiltzarkidek erreferenduma egitea nahi dute Golango Gainari buruz erabakitzeko.
Siriarekin negoziazioak hastea «betebehar nazionala» dela esan du Olmertek bakebidearen harira poza agertzean. «Ez dut ilusiorik egin nahi, negoziazioak ez dira errazak izango. Baliteke luze jotzea eta amore emate mingarriak eragitea». Lehen ministroak esan duenez, urtebete iraun duen prozesuaren emaitza da atzoko iragarpena. Epe hori ezarri zuen Israelek Siriarekin negoziazioa egingarria zen egiaztatzeko. Azaldu du 2000n bake elkarrizketak hautsi zirenetik ez dela Israelen segurtasuna hobetu.
Siriak eta Israelek bake negoziazioak hasi dituzte, Turkiaren bitartekaritzarekin
Bakea hitzartu ahal izateko, Golango Gaina itzultzea galdegiten dio Damaskoko gobernuak Tel Avivi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu