Siriak gezurtatu egin du Turkiari barkamena eskatu izana mugako erasoagatik

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak aho batez exijitu dio Siriari «bizilagunen subiranotza errespetatzeko»Turkiak Siriako ekialdera tiro egin du, mugatik hurbil obus bat erori ondoren

mikel rodriguez
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Siriak ukatu egin du Turkiari barkamena eskatu diola duela hiru egun mugan gertatutako erasoarengatik. Ankarak erran arren Damaskok barkamena eskatu ziola NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartez, Baxar al-Jaafari Siriak NBEn duen enbaxadoreak hori gezurtatu du. «Istripua ikertzeko lanean ari da Siriako Gobernua, ez barkamena eskatzeko lanean», adierazi dio Al-Jaafarik Libanoko El-Nashra News webguneari. Gainera, obusak Turkiaren menpeko Kurdistango Akçakale hirira nork bota zituen ez dakitela erran du, eta nabarmendu du Siriaren eta Turkiaren artean gatazka bat sortzeko interesa duten «talde anitz» daudela. Tentsio larriaren adierazle, Turkiak berriz ere obusak jaurti ditu Siriara, mugatik gertu izandako eraso baten ondoren.

Al-Jaafariren adierazpenek nahasmena areagotu dute, kontuan hartuta NBEren Segurtasun Kontseiluak «Siriako indar armatuek» egindako erasoa gaitzetsi duela, tartean Siriaren aliatu boteretsuenak diren Errusiaren eta Txinaren aldeko botoekin. Gainera, Siriako Gobernuari exijitu dio «bizilagunen subiranotza eta lurralde batasuna erabat errespetatzeko». Errusiak aitzinetik adierazpen horren bertze bertsio bat blokeatu du, Turkiak jasandako erasoa «nazioarteko bakearentzako eta segurtasunarentzako mehatxu bat» zela zioelako. Moskuren arabera, hori aitzakiatzat erabil liteke Segurtasun Kontseiluak esku hartze militar bat baimendu dezan.

Siria, erasoa onartu gabe

Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak berak herenegun adierazi zuen Siriako Gobernuak erran ziela Akçakale hiriko bonbardaketa «kasualitate tragiko bat» izan zela, eta jendaurrean azalpenak emateko gomendatu zion Lavrovek Damaskori. Besir Atalayk Turkiako lehen ministrordeak, berriz, Siriaren barkamen eskaria jaso zutela adierazi zuen, eta ontzat jo zuen gainera. Al-Jaafarik, ordea, ez du onartu Akçakale Siriako armadak bonbardatu zuenik, eta gogor jo du Turkiaren aurka. «Urte bat eta zortzi hilabete itxaron ditugu Turkiako Gobernuak barkamena eskatu dezan Siriaren aurkako ekintzengatik». Turkiako bortz zibilen heriotza «gertaera tragikoa» dela erran du Al-Jaafarik, eta «doluminak» helarazi nahi dizkietela, «Turkiako herritar errugabeak zirelako». «Ez dugu aditu Turkiaren aldetik inolako dolumin edo elkartasunik Aleppoko eraso terroristetan hil ziren Siriako herritarrengatik».

Hain zuzen, Segurtasun Kontseiluko hamabortz kideek Siriari buruz aho batez hartutako bertze erabakia izan da asteazkeneko Aleppoko atentatuen «gaitzespen irmoa». «Terrorismoaren ekintza oro kriminala eta justifika ezina da, egindako tokia, egileak edo motibazioa direnak direna ere». Aurrez, Siriako Atzerri Ministerioak Segurtasun Kontseiluko presidenteari eta Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari eskutitz bana bidaliak zizkien, atentatua gaitzetsi zezatela eskatuz. Bonba autoz egindako eraso suizida Jabhat al-Nusra talde islamistak hartu zuen beregain. Gutxienez 33 lagun hil zituzten.

Siria barnean Aleppo da matxinoen eta armadaren arteko borroken erdigunea. Gobernuak aldarrikatu du armadak kontrolpean hartu duela Al-Sakhour auzoa, eta Al-Midanen hiru lagun hil direla erran du «terroristek» jaurtitako bonba batekin. Oposizioak dioenez, berriz, Siriako Armada Askea aireportu militar bat hartzen saiatu da handik hurbil.

Erdogan, gerrarako prest

Baina Akçakaleko gertaerak direla eta, tentsio foko larri bat ireki da Turkiarekin. Hatay probintziako gobernadore Mehmet Celalettinek jakinarazi duenez, Siriako obus bat mugatik 50 metrora lehertu zen atzo, eta, horren ondoren, Turkiako armadak Siriara tiro egin zuen artilleriarekin. Ez dute zaurituen berririk eman. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak gerrarako prest daudela errepikatu du. «Gure lema da bakea etxean, bakea munduan, baina bada bertze hagitz atsotitz on bat, dioena: bakea nahi baduzu, gerrarako prestatu zaitez».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.