Siriako Gobernuak garaipen garrantzitsua irudikatu du gaur, bi muga pasabide hagitz inportante irekita. Berri agentziek jakinarazi dutenez, Siriaren eta Jordaniaren arteko Nassib pasalekua dozenaka autok gurutzatu dute goizean, eta mugako kontrol arruntak igaro dituzte. Siriako ekonomiarentzat garrantzi handikoa da pasaleku hori berriz irekitzea, eta argi gelditu da Baxar al-Assad presidentearen egoera zenbat aldatu den gerra hasi zenetik. "Nassibeko pasalekua ezinbertzeko bidea da Jordania eta Siria herrialde senideen eta gainerako herrialde arabiarren arteko merkataritzarentzat", adierazi du Jordaniako Gobernuko bozeramaile Jumana Ghunaimatek.
Golango gainen mugaren egoera ezberdina da, Israelek lurralde gehiena okupatuta baitu 1967tik. Talde islamistek 2014an hartu zuten Quneitra hiriko mugaren kontrola Israelek okupatu gabe zuen aldean. Orain, gertakari horren aitzinetik zegoen egoerara itzuli dira: NBE Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinek muga gurutzatu ahalko dute berriz ere, baita banaketa lerroak erdibituta utzi zituen bertako herritarrek ere.
Walid al-Moallem Siriako Atzerri ministroak Damaskon eman duen prentsaurreko batean erran du espero dutela Irakeko muga ere agudo ireki ahal izatea. Siriako Gobernuak, gaur egun, Turkiako Errepublikarekin dituen mugako pasalekuak dira kontrolatzen ez dituen bakarrak. Horietako anitz Kurdistanen daude; batzuk, Siriako kurduen milizien kontrolpean, eta, bertze batzuk, Turkiaren beraren kontrolpean.
Idlibeko akordioa
Ipar-mendebaldeko Idlib probintzian, hain zuzen, matxino islamista suniten eta Turkiako armadaren esku dago Siriaren aldeko muga. Gaur da indarrean sartzekoa Turkiak eta Errusiak probintzia horretan egin zuen akordioa. Horren arabera, "gune desmilitarizatu bat" sortu behar zen, eta talde armatuak eremu horretatik erretiratu behar ziren. Talde handienak, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak, ohar batean adierazi du ez duela baztertu "iraultza bedeinkatua gauzatzeko jihada eta borroka", baina ez dio aipamen zehatzik egin Turkiaren eta Errusiaren arteko akordioari.
Al-Moallem Siriako atzerri ministroak erran du Errusiari "denbora" eman behar zaiola akordioa bete den ala ez egiaztatzeko, baina islamistek uko egiten badiote Ankarak eta Moskuk hitzartutakoari, ohartarazi du "aukera guztiak" aztertuko dituztela. Gainera, erran du Idliben ondoren "Eufratesen ekialdea" izanen dutela "helburu". Eufrates ibaiaren ekialdea kurduen miliziek eta horien aliatuek dute kontrolpean —SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak—.