Siriak onartu ostean, «ahal bezain laster» iritsiko da NBEko behatzaile misioa

Turkiako eta Jordaniako gobernuek laguntza eskatu diote nazioarteari Siriako iheslariak artatzeko

Jon Fernandez.
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Siriako Gobernua eta oposizioa bata bestearen indarra neurtzen dabiltza, eta liskarrak horregatik ez dira amaitu oraindik. «Baliteke borroka txikiek orduak edo egunak irautea, baina garrantzitsuena da armak isilik daudela», nabarmendu du du Ahmad Fawzik, NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezi Kofi Annanen bozeramaileak.

Areago, Baxar al-Assaden gobernuak onartu egin du NBEren behatzaile misioa. Su-etena bertatik bertara egiaztatzea izango da hamar-hamabi laguneko taldearen egitekoa. NBEko Segurtasun Kontseiluan atzo gauean ziren behatzaileen misioaren ebazpena onartzekoak. Bi fasetan banatu dute misioa: «ahal bezain laster» bidaliko dute lehen behatzaile taldea, eta, su-etenak jarraitzen badu, 250 lagunek osatutako ordezkaritza bat bidaliko dute gero, Annanen sei puntuko plana lantzen hasteko —elkarrizketa politikoa errazteko, bereziki—.

NBEk ez du argitu zeintzuek osatuko duten lehen behatzaile taldea, baina esan du Siriarentzat «herrialde onargarriak» diren horietakoak izango direla.

Oposizioko taldeek, berriz, atzo gutxienez hiru zibil hil izana leporatu diote Al-Assaden armadari. Su-etena, dena den, indarrean dago oraindik, eta NBEk Annanen plana betetzeko eskatu die bi aldeei. Egoera ikusita «pozik» dagoela esatea «gehiegi esatea» dela aitortu du Fawzik, baina, Annan bezala, «baikor» dagoela aitortu du: «Duela bi egun inork ez zuen sinistu ere egingo su-etena beteko zenik».

Zulo ekonomikoa

Turkiako eta Jordaniako Atzerri ministroek, laguntza eskatu diote nazioarteari, Siriako iheslariei kanpalekuetan harrera egiteak euren ekonomian egiten duen zuloa arintzeko.

Siriako 25.000 iheslari daude Turkian eta 100.000 Jordanian. «Gure anai-arreba siriarrei laguntza ematen ari gara. Baina zulo ekonomikoa dakar horrek», Nasser Yudeh Jordaniako ministroaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.