Astelehenean Hamatik erretiratuko zirela iragarri ondoren, Siriako armada atzo hasi zen tankeak hiritik ateratzen. Hamar eguneko setio gogorrari amaiera eman diote hala, nazioarteak behin eta berriro eskatu dion bezala. Siriako Giza Eskubideen Erakundearen arabera, ordea, atzo bertan 50 lagun hil zituen erregimenak Hamako hainbat ingurutan, horietatik zortzi haurrak. Turkiatik gertu, berriz, bost lagun hil dituzte, eta Homs hirian, gutxienez hamar lagun, oposizioaren arabera. Erregimenaren aurkako protestak hasi zirenetik, 1.700 zibil baino gehiago eta 400 soldatutik gora hil dituzte dagoeneko.
Atzo goizean zabaldu zen tankeak erretiratzearen berria, eta arratsaldean Recep Tajip Erdogan Turkiako lehen ministroak berretsi zuen; «gure enbaxadoreak baieztatu digu kontrol militarrek aurrera jarraitzen dutela baina hirian ez dela tankerik eta artilleria astunik geratzen». Gainera, bere gobernuaren «eragin positiboari» eta bezperan Turkiako Atzerri ministroak Bashar Al Assadekin izandako bilerari egotzi dio «garaipena». Dena den, prentsari bideak irekitzeko eskatu dio Erdonagek Damaskori, eta nazioartearen eskaerei men egiteko; «Siriak bere herriaren nahiak betetzeko aurrerapausoak ematen baditu, jendea hiltzeari uzten badio eta nazioarteak aho batez esaten dionarekin bat egiten badu, ez gara hain kezkaturik egongo».
Armada joan den hilaren 31n sartu zen Haman, herrialdearen erdigunean dagoen hirian, Ramadanaren hasierarekin batera. Al Assaden soldaduek argindarra eta ura moztu zuten, sarrerak blokeatu zituzten, hiritik ateratzen saiatzen zirenei eraso egiten zieten... Gogor egin du armadak herritarren aurka, eta guztira 200 hildako inguru utzi ditu hamar eguneko setioak. Egoera horren aurrean nazioarteak esku hartu du, eta presioa egin dio erregimenari, jazarpena amaitzeko. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, esaterako, adierazpen bateratua kaleratu zuen joan den astean, Siriako erreboltak hasi zirenetik lehen aldiz.
NBE berriro bildu da
NBEko Segurtasun Kontseilua atzo berriro biltzekoa zen, Siriako egoera aztertu eta hartu beharreko neurriak eztabaidatzeko. Ban Ki-moon idazkari nagusiari herrialdearen egoera eta erregimenaren jarduera azaltzen duen txostena eskatu zioten joan den astean, eta atzo ziren txosten hori aztertzekoak. Kontseiluko kideek adierazi zutenez, badakite txostenak ez duela berri onik ekarriko. Atzoko bileraren aurretik ez zuten erregimenaren aurkako neurri zehatzik lortzeko esperantzarik. «Pausoz pauso goaz. Joan den astean gaitzespenari atea irekitzea lortu genuen, eta orain ate hori irekita mantendu behar dugu», adierazi zuten.
Joan den asteazkenean jazarpena gaitzesten zuen adierazpen bateratua kaleratzea lortu zuen NBEk, bi hilabeteren ostean. Segurtasun Kontseilua osatzen duten herrialdeen artean desadostasun handiak dituzte —hainbat herrialde Sirian esku hartzearen aurka daude—, eta, ondorioz, gaitzespen adierazpena kaleratzea baino ez zuten lortu. Testu horrek ez du inolako ondorio juridikorik. AI Amnesty Internationalek eta beste hainbat erakundek ez dute begi onez ikusi NBEren ebazpena, «motz» gelditu delako eta erantzuleei zigorrik ezartzen ez dielako. Siriako oposizioak ere gaitzetsi egin du.
HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak idatzi bat igorri zion atzo Segurtasun Kontseiluari, oraingo honetan Damaskori presio handiagoa egiteko eskatuz; «erantzuleei zigorrak ezartzea eta armak kentzea aztertu beharko lukete».
Dena den, zaila izango du NBEk oraingoan ere zigor ebazpen bat lortzea. Izan ere, Indiak Brasilek eta Hegoafrikak —Kontseiluko kideak hirurak—berretsi egin dute ez dutela Siriako barne arazoetan eskurik hartuko. IBAS izeneko foroa osatzen dute hiru herrialde horiek, eta atzo bilera bat izan zuten Ualid Mualem Siriako Atzerri ministroarekin. IBASek babesa eman dio Damaskori, eta Al Assaden erreformek Sirian «beste errealitate bat» ezarriko duten esperantza erakutsi dute.
Mualemek, berriz, argi utzi du nazioartearen edozein esku hartze baztertu egingo duela, «Siriaren erabaki politiko independenteen gainean eragin nahi dutelako». Hala, India, Brasil, Hegoafrika, Libano, Errusia eta Txinaren jarrera goraipatu du, «bere herrialdearen aurka egindako kanpainaren aurrean babesa erakutsi diotelako».
Turkiak lasaitasuna nahi du
Ankarako Gobernuari ez zaio komeni Siriako egoera askorik gaiztotzerik, baina harekin duen harremana bihurritzerik ere ez du nahi. Istiluak mugara iristen ari direla ikusita, gainera, inoiz baino kezkatuago dago Erdogan. Hala, asteartean Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroa Al Assadekin bildu zen, egoerari buruz hitz egiteko eta jazarpena buka dezan eskatzeko.
Erdoganen ustez, Hamako tankeak erretiratzea astearteko bileraren ondorioa baldin bada ere, Al Assadek garbi utzi zion Davutogluri errepresioarekin jarraituko duela. Siriako presidentearen hitzetan, talde armatuak daude protesten atzean, eta beharrezkoa da militarren esku hartzea «terrorista» horiei aurre egiteko. «Talde armatuak zapaltzen jarraituko dugu, gure herriaren egonkortasuna bermatzeko eta herritarrak babesteko».
Ankarak tankeen erretiratzea nabarmendu nahi izan badu ere —bere buruari loreak botatzeko, hein handi batean—, atzo bertan Haman 50 lagun hil izanak argi uzten du erregimenak indarkeriarekin jarraitzeko asmoa duela. Gainera, Turkiako mugatik gertu dauden bi hiritan, Idleben eta Binishen, bost pertsona hil dituzte. Eta hainbat erakundek salatu dutenez, Damaskon eta beste hainbat hiritan giza ekintzaileak atxilotzen ari da erregimena.
Herriak eskatzen dituen aldaketen harira, erreforma programarekin aurrera jarraituko duela adierazi zuen Al Assadek Davutoglurekin izandako bileraren ostean. Joan den ostegunean bertan, alderdi berriak sortzea legeztatzen duen legea onartu zuten. Neurri horrekin «demokrazia areagotu» nahi dutela dio erregimenak. Errepresioarekin jarraitzen duen bitartean halako legeak onartzeari, ordea, barregarri iritzi dio oposizioak. «Al Assad joatea da herriak nahi duen dekretu bakarra», zioen protestetan parte hartu zuen gazte batek. Frantziako Atzerri ministroaren hitzetan, «probokazio hutsa» da.
Siriak tankeak atera ditu Hamatik, baina 50 lagun hil dituzte aurretik
NBEko Segurtasun Kontseilua atzo berriro biltzekoa zen egoera aztertzeko; Damaskok ez du onartuko nazioarteak esku hartzerikProtestak Turkiara gerturatzen ari dira; armadak bost lagun hil ditu mugatik hurbil
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu