Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziak jakinarazi duenez, Siriako Gobernuak eta oposizioak hurrengo aste bukaerara arte jarraituko dute Genevan (Suitza) negoziatzen. Walid al-Muallem Siriako Atzerri ministroarekin elkartu da Brahimi gaur goizean, eta, arratsaldean, berriz, oposizioko ordezkariekin. Siriako gatazka konpontzeko konferentziaren antolatzaileen asmoa zen bi aldeak gaur aurrez aurre esertzea, baina Brahimi banatuta bildu da haiekin. Bihar, ordea, gela berean elkartuko direla esan du.
Siriako Sana agentzia ofizialak argitaratu duenez, Al-Muallemek Brahimiri esan dio elkarrizketak biharko "serioski" hasi ezean, gobernuaren ordezkaritzak alde egingo duela Genevatik. Sanaren arabera, Al-Muallemen ustez oposizioa "ez da serioa edo ez dago prest". "Siriaren jarrera beste aldeari presio egiteko ahalegin bat da". Siriako Atzerri ministroak mandatari bereziari esan dio ere nazioarteak "siriarrek adostutakoari" eman beharko liokeela oniritzia, eta ez alderantziz.
Siriako gatazka konpontzea helburu duen bake konferentzia herenegun hasi zen Suitzako Montreux hirian, 39 herrialde eta nazioarteko lau erakunderen bilkurarekin.
50 matxino hilik
Siriako Gobernuak gaur jakinarazi du 50 "terrorista" baino gehiago hil dituela azken egunetan Sednaian, Damasko iparraldean. Bertako monasterio bati eraso egiten ahalegintzen ari zirela hil dituzte matxinoak.
Sana agentziaren arabera, monasterioari eraso egitekotan zirenean enboskada egin zieten soldaduek, eta hogei lagun hil ziren bertan. Ondoren, dozenaka jaurtigailu bota zituzten monasteriorantz, baina kalte materialak eragin zituzten soilik.