Siriako armadak Hims eta Hama bonbardatu ditu

Indarkeria erabiltzeari uzteko eskatu diote Arabiar Ligak eta NBEk Bashir al Assad presidenteari

Erredakzioa
2011ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Siriako armadak Hims eta Hama hiriak bonbardatu ditu, eta dozenaka herritar hil dira erasoetan. Giza Eskubideen Behatokiak aditzera eman duenez, Bashir al Assaden erregimenak martxoan hasi zuen errepresioaren ondorioz gutxienez 3.000 pertsona hil dira, eta, NBE Nazio Batuen Erakundeak zehaztu duenez, horietako 187 inguru adingabeak ziren. Eraso horiek, gainera, Arabiar Ligaren azken eskaeren ondoren datoz, indarkeria albo batera uzteko deialdia egin baitzuen herenegun. Siriako egoerarekin kezkatuta azaldu da, eta herrialdeko gobernuari zibilak babesteko bere esku dagoen oro egiteko eskatu dio.

Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere gaitzetsi ditu erasoak, eta Siriako egoera «asaldagarritzat» jo du. «Herritarren protesta eta eskaeren aurka ez erabili indarkeria, ez eraso herritarrei; horren ordez, luzera begirako aldaketak egiten hasi behar duzue», esan dio Siriako agintaritzari. Ostiralean, halaber, 40 lagun inguru hil ziren Homs eta Hamako hirietan tirokatuta. Bashir al Assaden erregimenaren aurka protesta egiteko bildu zirenean eraso zieten.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.