MUNDUA

Siriako armadak kontrolpean hartu du Al-Qusair hiria

Libanoko mugan dago hiria. "Terrorista asko" hil dituztela esan dute armadako iturriek.

2013ko maiatzaren 20a
11:31
Entzun

Siriako armadak Al-Qusair hiria hartu du kontrolpean, Sana berri agentziak jakinarazi duenez. "Armadak segurtasuna eta egonkortasuna berrezarri ditu Al-Qusair hiri ia osoan", jakinarazi dute armadako iturriek. Gaineratu dute "terrorista asko" hil dituztela, "gehienak ez siriarrak", eta beste hainbat atxilotu dituztela.

Nawaf Alwani Al-Nusra fronteko buruzagietako bat da hildakoetako bat. Al-Qaedari lotutako taldea da Al-Nusra. Ala Amer, Jamal Jankan, Mohammad Jamal al-Mashhadani, Mohammad Bakr, Mohammad al-Abdula, Ahmad Sahms Eddin, Abdul Aziz al-Itr, Jedr Sabra, Basel Mohammad Turkmani, Maher Sukkar eta Jaled Rahal dira beste hildako batzuk.

Baxar al-Assaden aldeko militarrek, Hezbollahek lagunduta, atzo egin zioten eraso hiriari. Izan ere, Libanoko mugatik gertu dago Al-Qusair, eta estrategikotzat jo da. 70 pertsona hil dira erasoan. Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, hildakoetako lau zibilak dira. Erakundearen arabera, handitu egingo da biktima kopurua, "ehunka" zauritu daudelako.

Sei astez inguratu dute hiria Al-Assaden aldeko militarrek. Hezbollahek ukatu egin izan du Siriako gerran parte hartu izana, baina taldeko buruzagi Hasan Nasralak aipatu zuen Sirian dauden Libanoko herritarrak babesteko beharra.

Nazio Batuen Erakundearen arabera, 70.000 pertsona hil dira Sirian 2011ko martxoan gerra hasi zenetik. Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren arabera, 94.000 inguru dira hildakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.