Gurutze Gorriko presidente Jakob Kellenberger Sirian izan da egunotan, hango agintariek baimendutako bisitan. Herrialdeko egoera humanitarioarengatik kezka agertu du Kellenbergerrek, bereziki protestetan zauritutakoen egoerarengatik. «Larritasun sentipena dugu, jaso dugun informazioaren arabera zaurituak ez dituztelako egoki artatzen», adierazi zuen atzo Genevan (Suitza) egindako agerraldian.
Kellenberger Bashar al Assad presidentearekin elkartu zen Damaskon herenegun, eta 6.000 preso dituen espetxe bat bisitatu zuen hiriburuan. Erregimenak Gurutze Gorriko hamasei begiraleri Sirian jarduteko baimena eman die, eta presoak elkarrizketatzen hasi dira horiek, ondoren txosten bat egiteko. Xehetasun handirik ez du eman nahi izan Kellenbergerrek, baina adierazi du Sirian eduki dituen bilkura guztietan «hagitz argi» utzi duela zauritu eta eri guztiek artatuak izateko eskubidea dutela.
Al Assadek Gurutze Gorriaren sarrera baimendu izana erregimenaren irekieraren seinaletzat aurkeztu zuen Kellenbergerrekin bilera egin ondotik. Herrialdean gertatzen ari denari buruz «hedabideen manipulazioa» salatu zuen presidenteak. Matxinada hasi zenetik bigarren aldiz izan da Sirian Gurutze Gorriko burua. Bertze bisita ekainean egin zuen.
Bestalde, bi hildakoren berri eman zuen atzo erregimenaren oposizioak. Siriako Herri Koordinaziorako Batzordeen arabera, Hims hirian bi lagun tirokatu zituzten. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek erakundeko kideei eskatu die Siriaren aurka «neurri koherenteak» hartzeko.
Kurduen diasporaren bilkura
Siriako kurduen diasporak topagune bat egin du Stockholmen, Al Assaden erregimenaren aurkako matxinada aztertzeko. Diaspora errebolta sostengatzeko prest agertu da, eta herrialdean dauden kurduak horretara bultzatzeko xedea hartu du. Orain arte, baina, kurduek egindako protestak xumeak izan dira Siriako bertze guneekin alderatuta. «Al Assad erorita ere, hura bezain antidemokratikoa den norbaitek boterea hartzeko beldurra dute kurduek, Iraken gertatu zen bezala», azaldu du Kurdish Globe egunkariko editore Jauad Kadirrek.
Protestak herrialde arabiarretan
Siriako egoera humanitarioa «larria» dela dio Gurutze Gorriak
Erregimenak Sirian jarduteko baimena eman die nazioarteko erakundeko hamasei begiraleri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu