Mundua

Siriako errebeldeek arma kimikoak erabili dituztela uste du Nazio Batuen Erakundeak

NBEk susmo «sendoak» dituela jakinarazi du Carla del Ponte juristak. Israelek erasoari ekin dio berriz ere gaur bi mortero jaurtiz Golanera. Zerbait egiteko eskatu diote Siriak eta Arabiar Ligak NBEri.

2013ko maiatzaren 6a
19:33
Entzun

Errebeldeak sarin gasa erabiltzen ari direla baieztatzen duten susmo "sendoak eta konkretuak" ditu Nazio Batuen Erakundeak, Carla del Ponte juristak azaldu duenez. Sirian gerra krimenak ikertzen ari da Del Ponte NBErentzat. Ez dute froga argirik, baina inguruko herrialdeetan dauden gerrako biktimekin eta euren medikuekin hitz egin ondoren iritsi dira ondorio horretara: biktimak artatu behar izan dituzten moduak agerian uzten du kimikoen erabilera. Errebeldeek ukatu egin dute arma kimikoak erabili izana.

Israelek, Erresuma Batuak eta Frantziak Sirian arma kimikoak erabili direla erakusten duten frogak jarri zituzten AEBen esku, baina orain egoera aldatu da, erabileraren susmoak errebeldeen aldean jarri dituztenean. Baxar al-Assaden gobernuak esan zuen, hain zuzen ere, matxinoek erabili zituztela arma kimikoak, martxoaren 19an Alepon egindako erasoaren ondoren. Identifikatu gabeko substantzia bat zeraman misil batek itomena eragin zien biktimei. Gutxienez 25 pertsona hil ziren, eta ehun zauritu. Gertakari horren ondoren erabaki zuten NBEk eta AEBek ikerketa abiatzea, eta Al-Assaden balizko arma kimikoen erabilerak esku hartzea zilegi egingo lukeela esan zuen Barack Obamak.

Israelen erasoak

Arabiar Ligak gaitzetsi egin ditu Israelek azken egunetan Siriaren aurka egin dituen erasoa. Azkena, arratsaldean izan da, bi mortero jaurti ditu-eta Golanera, ustez nahigabe, nahiz eta armasak ikertzen jarraitzen duen gertatutakoa, militarrengandik ateratako iturri anonimo batek jakinarazi duenez. Ez du aparteko kalterik eragin.Lehenengo erasoa ostegun gauean izan zen, eta bigarrengoa, atzo goizaldean. Israelek ez ditu bere gain hartu oraindik erasoak, baina Benjamin Netanyahuk esan du bere ardura dela Israelen etorkizuna eta segurtasuna bermatzea. Barack Obama AEBetako presidenteak ere argudiatu ditu erasoak, esanez Israelek bere burua defendatzeko eskubidea duela.

Mendebaldeko informazio iturriek diote arma biltegi batzuk izan direla erasoaren jomuga, eta arma horiek Irandik Libanora zihoazela, Hezbollahentzat zirelako. Argudio hori erabilita egin du eraso Israelek. Arabiar Ligak, ordea, Nazio Batuen Erakundeari eskatu dio zerbait egiteko erasoak lehenbailehen eten ditzan. Siriako prentsak esan du atzoko erasoak Jamrayaheko militar ikerketa gunea jo zuela. Errebeldeen arabera, armadako berrogei bat kide hil dituzte.

Bi eraso horiek izan dute beste aurrekari bat aurten ere, baina atzokoak batez ere bortitzagoak izan dira. Siriako Gobernuak errebeldeen alde jartzea leporatu dio Netanyahuri, eta, modu horretan, Siriako gerra zibilean esku hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.