Protestak herrialde arabiarretan. Amr al Azm. Ekialde Hurbileko historian aditua

«Siriako erregimena gerra zibila piztu dadin ahaleginetan ari da»

Erregimenaren barnean zatiketa eragiteko gai izan dira protestak; Azmen ustea da hori, eta, bere hitzetan, sakabanatuta dagoen oposizioa elkarlanean aritzea da orain gakoa demokrazia lortzeko.

New York
2011ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Beiruten (Libano) jaio bazen ere, Amr al Azm siriarra da bihotzez, aita hangoa baitzuen; ama, berriz, palestinarra. Ekialde Hurbileko historian eta arkeologian aditua izateak akaso zerikusia du jatorri horrekin. Erresuma Batuan egin zituen ikasketak, eta Ohion bizi da egun, Wheelersburgen. Shawnee State unibertsitateko bulegotik ari da. Siriara orain joango balitz «seguruenik» atxilotua eta tirokatua izango zela dio, baina, hala ere, etorkizunean herrialde hobe batera joango denaren esperantza badu.

Nolakoa izan da erregimenarekin bizimodua gaur arte Sirian?

Ekialde Hurbileko erregimen autoritario tipikoa izan da gurea ere. Tunisiakoaren antzekoa, bai debekuetan, bai dena kontrolpean izatean, hori hala izateko baliabideetan, politika mugimendu guztiak neutralizatzeko moduan… Dena kontrolatuz gero, gizartearen oreka lortzen da, eta oreka horrek inbertsioak ekarri ditu atzerritik. 70. hamarkadan militar eta merkatarien arteko elkarlana sustatu zuten, merkataritza eta militar ofizialen arteko ezkontza nolabait esateko, eta gaur arte iraun du. Batzuen pribilegioak besteen mesedetarako. Tratu ona alegia. Baina, poliki aldatzen joan da harremana, eta oraingo protestek eragin zuzena izan dute.

Zertan?

Protesta horiek hiru alde izan dituzte. Lehendabizikoa, erregimenaren barrura begirakoa. Oso zaila izan dute erregimenaren barruan zerbait egitea, baina gauza bat behintzat utzi dute agerian: herriari oreka ematerako orduan Bashar al Assaden familiaren gaitasun falta. Eta noski, erregimenak ezin badu hori egin, ez dauka bizirik irauteko zentzurik. Al Assaden seriotasuna bera ere zalantzan jarri dute.

Bigarrena ekonomiaren atala da. Herrialdeari oreka emateko gaitasunik ezak ekonomia geldiarazi du eta arazo larriak sortu ditu. Zalantzarik gabe, mundu mailako krisiak eragina izan du, baina barruko egoera politikoak areagotu egin du. Horren ondorioz, kapital asko izan duen jendeari negozioak geratu zaizkio, ez dute lehen adina diru irabazten, eta, gainera, erregimenari eusteko dirua jartzen ari dira zenbaitzuk.

Eta hirugarrena, nazioarteko komunitatearen presioa da. Beharrezkoa da nazioarteko estatuen babesa, eta, arazoak badituzu, zigorrak jaso ditzakezu; hori ez da ona negoziotarako, ez da ona inorentzat… Eta, gogoratu: negozioek ez badute dirurik ematen, merkatariek ez dute ematen, eta militar ofizialek ere ez dute dirurik jasotzen. Horrengatik guztiagatik, erregimenaren eta bere ingurukoen eta gainontzeko guztien arteko tentsioa sumatzen da. Hausten ari da zegoen lotura.

Demokrazia gehiago nahikoa izango da, edo hori baino gehiago behar da?

Erregimenak ez du existitu behar; Bashar al Assadek alde egin behar du. Konstituzio berria behar dugu. Testu horrek gehiengoak gidatuko lituzke, baina gutxiengoen eskubideak babestu beharko lituzke ere. Hauteskunde demokratikoak behar ditugu, alderdi politikoak sortzeko eskubidea, botere legegile eta exekutiboen arteko banaketa… Aldaketa horiek guztiak beharrezkoak ditu Siriak. Historia handiko herria gara, eta amets hori gauzatzeko gai den jende asko daukagu. Ez dut esaten erraza izango denik, baina posible da. Eta horrela bakarrik berreraiki dezakegu herrialdea, ekonomia berrindartu… Politikoki alde desberdinean daudenak ere, denak ari dira bide berean lan egiteko deia egiten.Eta denek defendatzen dute bide baketsuetatik lortutako aldaketa. Hori garrantzitsua da.

Etnia desberdinen arteko gatazkarik ba al dago?

Ez, oraingoz. Baina erregimenak benetan desiratzen du hori. Gerra nahi duen bakarra erregimena da. Eta horretarako, gizarte barruan gatazkak, hausturak sortu nahi ditu. Gehiengoen eta gutxiengoen arteko borrokak, erlijio desberdinen artekoak... Benetan desiratzen dute gerra sortzea, eta zenbait sektoretara armak bidali dituzte, nahiz eta inork oraindik eraso ez egin, badaezpada babestuta egon daitezen. Jende guztia, ordea, ezezkoa ematen ari zaie, ez dutelako gerrarik nahi. Bide baketsuetatik lortu nahi dira gauzak, eta mundu guztiak hori defendatzen du.

Eta nazioarteak?

Gauza bakarra eskatzen da: ez dadila atzerriko herrien esku hartzerik egon. Ez ditugu AEBen edo NATOren bonbak nahi. Nahi duguna zera da: herri gisa onartu gaitzatela eta zigortu dezatela erregimena. Benetan da delikatua erregimena osatzen duten sektoreen arteko erlazioa, eta oso kontuz ibili beharra dago.

Protestak modu baketsuan hasi baziren ere, 1.300 hildako baino gehiago izan dira. Gizateriaren aurkako krimentzat hartu beharko lirateke erregimenak eragindako hildako horiek guztiak?

Bai horixe. Eta ez gara ari kalean tirokatu eta hil dituztenez bakarrik. Torturatu dituzten horietaz ere ari gara. 15.000 pertsona inguru daude kartzelan, egoera benetan larrian, bortizki torturatuak izan dira, asko hil egin dira. Berdin du gizonezkoa izan, emakumezkoa edo haurra. Eta ez naiz datuak puzten ari. Apirilean,AEBen Siriako enbaxadorearekin bazkaldu nuen, eta hark aitortu zidan erregimena haurrak torturatzen ari izana onartezina zela. Haurrak torturatu ondoren, zein da hurrengo pausoa?

Hitz egin dezagun oposizioaz. Nolakoa da oposizioa Sirian? Uste duzu denak batzea posible dela? Beharrezkoa da hori aldaketa lortzeko?

Hiru motatako oposizioa daukagu. Lehendabizikoak aktibistak dira. Hori da oposiziorik berriena, jende berria, egunero kalera ateratzen direnak, protesta egiten dutenak, tirokatuak izaten direnak, erailak asko.

Bigarrena oposizio tradizionala da. Betiko alderdi politikoak ordezkatzen dituztenak, intelektualak... jende ezaguna da, eta oposizio tradizionala ordezkatzen dute. Eta gero, kanpotik egiten dena dago. Ni bezalakoek osatzen duguna eta egiten duguna. Oro har, batzuk eskuinekoak eta besteak ezkerrekoak izango dira, baina orain denak ados gaude zerbaitetan: erregimena bertan behera uzteko beharrean, demokrazia lortzean.

Eta ari dira antolatzen?

Bai, bakoitza bere aldetik ari da antolatzen, baina ez gara oraindik batu. Elkarlanaren hasieran gaude, zubiak eraikitzearen hasieran. Horixe da lortu beharreko gauzarik zailenetakoa, baina lortuko duguna. Punturik nagusienetan denak gaude ados, eta hori oso garrantzitsua da.

Zer gertatuko da datozen asteetan?

Oposizioak erregimena garaituko duen galdetzen badidazu, uste dut gertatuko dela, baina ez dut uste datozen asteetan emango denik. Denbora gehiago beharko da.

Gerra zibila izateko arriskua ere hor dago, eta erregimena hori sortzeko ahaleginetan ari da. Besteak beste horixe da kalean protestan ari direnak tirokatzeak duen helburuetako bat. Gure aldetik dagoen guztia egin behar dugu gerta ez dadin.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.