Siriako gatazka konpontzeko, presako neurriak eskatu ditu NBEk

Al Assad babestu du ALBAk, nazioarteak elkarrizketa bultzatu ordez esku hartu nahi duela kritikatuz

2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Siriako agintariek beren herritarrak babesteko erakutsi duten ezgaitasuna ikusirik, nazioarteak presako neurriak hartu behar ditu», adierazi du Navi Pillay NBE Nazio Batuen Erakundeko giza eskubideentzako mandatariak. Hala egin ezean «gerra zibila» saihetsezina izango dela gaineratu du Siriako egoera aztertzeko NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan egin duten ezohiko bileran. Ezohikoa izan da, baita ere, NBEko kideen artean Bashar al Assad presidentearen aurka presioa egiteko lortu duten adostasuna, 37 herrialdek babestu baitute Siriaren aurkako gaitzespena.

«Giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errepresio sistematikoa» gaitzesteko agiriaren aldeko botoa eman dute herrialde gehienek. Besteak beste, «hilketak, neurrigabeko indarkeria, desagertzeak, arrazoirik gabeko atxiloketak, tortura eta tratu txarrak» nabarmendu dituzte. Lau herrialdek —Txina, Errusia, Ekuador eta Kuba—, baina, aurka bozkatu dute, eta sei abstenitu egin dira.

Aste honetan bertan NBEren ikerketa batek ondorioztatu du Siriako Gobernuaren onespenarekin armadak eta Poliziak gizateriaren aurkako krimenak egin dituztela, eta horregatik deitu dituzte herrialdeak presako bilera egitera. Damaskok salaketak ukatu ditu, beste behin, eta NBEren komisioak sinesgarritasunik eta objektibotasunik ez duela kritikatu du. Giza Eskubideen Kontseiluak ez du zigorrik onartzeko eskumenik, baina Pillayk nabarmendu du gaitzespena oso garrantzitsua dela, «Segurtasun Kontseiluari eta Siriako errepresioa babesten ari diren horiei presio egiteko».

Iragan martxoan Al Assaden erregimenaren aurkako protestak hasi zituztenetik 4.000 lagun hil dituztela jakinarazi du, bestalde, NBEren giza eskubideentzako mandatariak, eta 14.000 lagunetik gora atxilotuta daudela protestetan parte hartzeagatik. Horrez gain, indarkeria egoeratik ihesi 12.400 lagunek euren etxeak atzean utzi behar izan dituzte.

Oposizioaren jarrerarekin ere kezkatuta agertu da Pillay bere hitzaldian, eta armadako desertoreek sortu duten Siriako Armada Askeak militarren eta polizien aurka egin dituen atentatuak gaitzetsi ditu, era berean. Al Assadi eskatu dio Arabiar Ligaren proposamena onartu eta nazioarteko ikuskatzaileei herrialdean sartzen uzteko. Damaskok, baina, erantzun du siriarren arazoak siriarrek konponduko dituztela. Nazioartearen asmoen inguruan susmo txarra du Al Assaden gobernuak, gainera, ez baitu uste «Siriaren arazoak konpontzeko asmoz dabiltzanik».

Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean Siriako enbaxadore Faisal al Hamuik jakinarazi du gobernuak erreformak martxan jarri dituela eta datorren urteko otsail eta martxo inguruan lehen emaitzak ikusi ahal izango direla. «Siria herrialde plurala izango da, komunikabide gardenekin eta hauteskunde demokratikoekin. Munduan giza eskubideen errespetuaren alorrean eredu izango da», esan du Al Hamuik.

Siriaren aldeko ahotsak

Giza Eskubideen Kontseiluaren ezohiko bileran ez dute denek Siriaren aurka hitz egin. ALBAAmerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarrak, esaterako, herrialdearen barne gatazketan muturra sartzeko asmoa ikusi du hainbat herrialderengan.

Giza Eskubideen Kontseiluan gaitzespen bat onartzea «zorigaiztoko aurrekaria» dela adierazi du Luis Gallego ALBAren ordezkariak. «NBEko kide diren estatuen arazoak konpontzeko lan egin beharko luke, ez herrialdeen aurkako gaitzespenak onartzeko», gaineratu du.

Iranek ere bere aliatuaren alde hitz egin du, eta Atzerri ministro Ali Akbar Salehik adierazi du Siriako gatazka konpontzeko bide bakarra elkarrizketa dela. Al Assadi erreformak martxan jartzeko aukera bat emateko eskatu du Teheranek. Orain arte Sirian gertatu diren istiluak atzerriko potentziek sustatu dituztela defendatu du Iranek, eta Al Assadi babes osoa eskaini dio, nahiz eta beste hainbat herrialdetako protestak babestu dituen, «islamisten ernaldia» dela esanez.

Oposizioa, neurri eske

Siriako Trantsiziorako Kontseiluak jakinarazi du, bestalde, boterera heltzea lortzen badute Siriaren eta Iranen arteko harremana asko aldatuko dela eta ez dituztela babestuko ez Hezbola ezta Hamas ere. Burhan Ghalioun kontseiluko presidenteak dio herrialde arabiarretako potentzia nagusiekin berriz ere adiskidetu nahi dutela. Nazioarteari, berriz, neurri gogorragoak eskatu dizkio, besteak beste, aire eremua debekatzea.

Atzo, gutxienez, hamahiru lagun hil zituen Poliziak ostiraleko otoitzen ostean egin zituzten protestetan. Armadako desertoreek, aldiz, inteligentzia zerbitzuetako zortzi lagun hil zituzten atentatu batean. Hain justu desertoreak armadari eraso egiteko antolatzen ari direla jakinarazi dute. Indarkeriaren erabilera defendatu dute, gainera, «herritarrak babesteko eskubidea» dutela argudiatuz. Al Assaden erregimenak, berriz, adierazi du protestak hasi zirenetik 1.100 polizia eta soldadu hil dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.