SIRIA

Siriako gatazkako eraso kimikoak aztertzea onartu du Nazio Batuen Erakundeak

Aho batez onartu dute 2235 ebazpena Segurtasun Batzordea osatzen duten estatuek. Arma kimikoen erabiltzaileak identifikatzeko ere eskatu dute. 240.000 baino gehiago dira 2011z geroztik Siriako gatazkan hildakoak.

Asteon Arihan izandako erasoa. 30 lagun baino gehiago hil ziren. ARIHA TODAY HANDOUT / EFE
2015eko abuztuaren 8a
10:32
Entzun

Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordea osatzen duten hamabost herrialdeen oniritziarekin onartu dute ikertzea Siriako gatazkan eraso kimikoak egin izanaz izan diren azken salaketak. Hala ere, Amerikako Estatu Batuen eta Errusiaren akordioak ahalbidetu du adostasuna.

2235 ebazpena da Segurtasun Batzordeak onartutakoa. Horren bidez, Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari eta Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundeari eskatu diote ikerketa batzorde bateratu bat osa dezatela Siriako gatazkan izandako azken erasoetan arma kimikoak erabili diren aztertzeko. Halaber, arma kimikoak erabili dituztenak identifika ditzatela ere galdegin dute.

Hogei eguneko epean, Banek eta arma kimikoen aurkako erakundeak gomendioak bidali beharko dituzte adituen misioa osatze aldera; urtebeteko mandatua izango dute aditu horiek, eta lanean hasi eta hiru hilabetera egin beharko dute aurreneko lanen inguruko txosten bat. Ondoren, 30 egunero eman beharko dute egindako lanaren berri.

Horrez gain, Siriako gatazkako alde guztiei dei egin diete ikerketa batzordearekin elkarlanean aritzeko.

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak zenbatu duenez, 240.381 lagun hil dira Sirian 2011n gatazka hasi zenetik; horietatik 71.781 zibilak ziren, eta horietatik 11.964, adingabeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.