Vienako bilera

Siriako gatazkarekin bukatzeko "prozesu" bat martxan jarriko dutela adierazi dute AEBek eta Errusiak

Akordioaren arabera Siriako Gobernuak eta oposizioak elkarrizketak hasi beharko dituzte urtarrilaren 1aren aurretik, eta hauteskundeak aurreikusi dituzte hamazortzi hilabetetan.

Vienako bileran hemeretzi herrialdeetako ordezkariek parte hartu dute, tartean AEBek eta Errusiak. HANS PUNZ / EFE
Berria
2015eko azaroaren 14a
09:21
Entzun

Federica Mogherini Europako Batasuneko diplomazioa buruak jakitera eman du Siriako gerra zibilarekin bukatzeko "prozesu bat" adostu dutela. Gai lantzeko Amerika, Europa eta Asiako hainbat herrialdeetako ordezkariek bilera egin dute Vienan gaur. Horren ostean, egin ditu adierazpenak Mogherinik.

Akordioaren zehaztasunak azaltzeko EBko Atzerri ministroen kontseilua deitu dute astelhenerako. "Erabakiak hartu ditugu eta EBk erabakien horien parte da". Prozesuarekin aurrera egiteko hurrengo bilera Parisen egingo dute.

Frank Walter Steinmeier Alemaniako Atzerri ministroak bileran parte hartu du. Haren arabera, Parisko atentatuek areagotu dute akordio bat lortzeko beharra. "Atzoko tragedia eta gero, Siriako egoerari irtenbidea bilatzeko erabakia indartu da. Oraindik oztopo asko daude bidean, baina prozesua hasi egin da". Steimeierrek jakinarazi du, Siriako trantsizioarako gobernua sei hilabetetan eratu eta konstituzio berrirako proiektua landu beharko dutela.

Vienako bileran hemeretzi herrialdeetako ordezkariek parte hartu dute, besteak beste, AEB, Errusia, Alemania, Saudi Arabia, Txina, Egipto, Frantzia, Arabiar Emir Herri Batuak, Libano, Iran , Irak, Italia, Jordania, Erresuma Batua, Turkia eta Oman. Eurekin batera, Siriak NBEn duen ordezkaria ere bileran izan da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.