«Iraultza Halabera iritsi da, azkenean», esan du pozik Mohammad Saeed gobernuaren aurkako ekintzaileak. Siriako hiririk handienetan bigarrenak orain arte protesten olatuari ihes egitea lortu badu ere, Siriako Armada Askea bertan sartu zen herenegun, eta hainbat auzoren kontrola hartu zuen. Baxar al-Assadek eraso gogorrekin erantzun du. «Gaua oso txarra izan da. Leherketa izugarriak egon dira, eta tiroen zarata ez da isildu ordu luzeetan», azaldu du Saeedek.
Geroz eta fronte gehiago daude irekita Sirian, baina borroka gogorrenak Halaben jazo dira. Ostiralean hasi ziren liskarrak, Salaheddine auzoan, eta hiriko beste hainbat gunetara hedatu ziren atzo; oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeak eta Londresen egoitza duen Siriako Giza Eskubideen Behatokiak adierazi dutenez, ehunka lagunek ihes egin dute hiritik.
Damaskon ere egoera ez da baretu. Sei egun daramatzate borrokan Baxar al-Assaden aldekoek eta aurkakoek. Atzo gobernuak hainbat auzo bonbardatu zituela salatu zuen oposizioak. Handik ihes egin dutenen arabera, autoak eta eraikinakerreta daude, eta hildako borrokalarien gorpuak ikus daitezke kalean. Bestalde, Irak eta Siria arteko beste muga postu bat bere gain hartu duela adierazi du oposizioak. Ostegunean ere beste hainbat postutan ezarri zuten iraultzaileen bandera.
Azken egunak protestak hasi zirenetik odoltsuenak izan direla salatu du oposizioak. Asteazkenean Baxar al-Assaden defentsako kupulako lau goi kargudun hil eta gero gobernuak errepresioa indartu dutela diote. Oposizioak dio ostegunean 300dik gora hil zirela eta ostiralean, berriz, 200dik gora. Atzo ere, dozenaka biktimaren berri eman zuten.
Israel, erasorako prest
Israel kezka handiz ari da jarraitzen Siriako gatazka, egunez egun gaiztotzen ari baita. Herrialdeko hedabideetan bolo-bolo dabiltza Siriako Gobernuak dituen arma kimikoen inguruko berriak, eta Tel Aviv kezkatuta dago Damaskok arma horiek Hezbollahen esku utz ditzakeela eta. Hori horrela, Sirian militarki esku hartzeko prestatzen hasi da Israel. «Armadari agindu diot informazio zerbitzuen prestakizunak areagotzeko eta beharrezkoa den guztia prestatzeko, beharrezkoa balitz operazio militar bat egin ahal izateko», adierazi du Ehud Barak defentsa ministroak.
«Sistema aurreratuen eskualdatze posiblea jarraitzen ari gara, batik bat hegazkinen aurkako misilena eta lurretik lurrerako misilena, baina badago arma kimikoak Siriatik Libanora bidaltzeko aukera ere», ohartarazi du Barakek. Ostegunean, hain justu, alarma egoera indartu zuen Tel Avivek, eta soldadu nahiz ofizialen asteburuetako baimenak eten ditu, Siriako borrokaldien gogortzearekin larrituta.
Ban Ki-moonen konpromisoa
Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia kezkatuta agertu da gatazka hartzen ari den itxurarekin, eta Siriara ordezkari bat bidaliko duela azaldu du. «NBEk konprometituta jarraitu behar du, eta erabat mobilizatuta. Horregatik, bake operazioetarako nire idazkariordea bidaliko dut Siriara, egoera bertatik bertara ebalua dezan».
Gatazka herrialde osora hedatu dela nabarmendu du Banek, eta horrekin batera herritarren sufrimenduak gora egin duela. Kezkatuta agertu da biktimen kopuruaren igoerarekin, baita etxea atzean utzita ihes egin behar izan dutenekin ere. Banek adierazik duenez, NBEren lehentasuna Siriako herritarren ongizatea bermatzea da. «Siriako Gobernuak huts egin du bere herritarrak babesteko eginkizunean», salatu du. Horren inguruan nazioarteak zerbait egiteko erantzukizuna duela gaineratu du, eta NBEren Segurtasun Kontseiluari batasuna eskatu dio.
Herenegun Segurtasun Kontseilua NBEren eta Arabiar Ligaren behatzaileen misioa 30 egunez luzatzeko ados jarri izanaaurrerapausoa dela dio Banek. Dena den, pauso gehiago emateko eskatu die erakundeko kideei, Siriako gatazkari irtenbideak bilatzeko. Izan ere, ostegunean Errusiak eta Txinak betoa eman zioten Mendebaldearen Siriarako ebazpenari, bide militarrari atea irekitzen ziola argudiatuta. Horren ondotik, AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak Siriako herritarrei huts egitea egotzi zieten Moskuri eta Pekini. Dimitri Peskov Errusiako Segurtasun Kontseiluko ordezkariaren eledunak esan du onartezina dela Siriako gatazkak okerrera egin izana Errusiari egoztea. Vladimir Putin Errusiako presidenteak, berriz, Segurtasun Kontseiluaren barnean lan egiteko eskatu dio Washingtoni —beste bide batzuk jorratzeko asmoa iragarri du—. «Segurtasun Kontseiluaren baimenik gabe aritzea ez da eraginkorra izango, eta erakundearen autoritatean kaltea eragingo du», ohartarazi du.
Frantziak, bestalde, berehala trantsizio gobernu bat eratzeko eskatu du. «Trantsizioa eta etorkizuna prestatzeko eguna iritsi da», adierazi du Frantziako Atzerri ministroLaurent Fabiusek. Siriaren etorkizuna erabakitzeko ministroen bilera Parisen egitea eskaini du Fabiusek, eta herrialde arabiarrak Siriaren etorkizuna eraikitzeko egiten ari diren edozein saio babesteko prest agertu da. Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil al-Arabirekin eta Qatarreko lehen ministro Hamad ben Yasem al-Zani xekearekin harremanetan dagoela aitortu du Parisek. «Guztiak bat gatoz oposizioak herrialdearen gidaritza hartzeko garaia iritsi dela», esan du Fabiusek.
Siriako Halab hirian gogortu egin dira borrokak oposizioak hartu ondoren
Israelgo Gobernuak balizko operazio militar baterako prestatzeko agindua eman dio armadari, arma kimikoen auzia dela etaBan Ki-moonek ordezkari bat bidaliko du, «egoera bertatik bertara ebaluatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu