Siriako Gobernuaren arabera, herritarren %89,4k konstituzio berriaren aldeko botoa eman dute erreferendumean, herrialdeko telebista kate publikoak iturri hura aipatuz esan duenez. Kontra, %9 azaldu dira. Atzo egin zuten galdeketa, Baxar al-Assad presidentearen "erreforma prozesuari" babesa emateko asmoz.
14,5 milioi lagunek zuten botoa emateko eskubidea eta %57,4k hartu zuten parte, Barne Ministerioak dioenez.
Oposizioa aurka zegoela egin zuten erreferenduma, eta bloke hartako talde nagusiek ez zuten parte hartu. Mendebaldeak errefusatu egin zuen galdeketa, eta Errusiak eta Txinak ontzat jo zuten.
Konstituzio proposamenak 157 artikulu ditu. Besteak beste, presidentea hautagarria izatea biltzen du —zazpi urteko agintaldirako, eta hautagai bera soilik bi aldiz jarraian—, eta alderdi aniztasuna ezartzen du, Baathen monopolioa amaituz. Emaitza ofizialen arabera, herritar gehienek itun berria onartu dutenez, 90 eguneko epean hauteskundeetara deituko du Al-Assadek.
Presidenteak iragan urrian agindu zion batzorde bati konstituzio proposamen bat idazteko. Oposizioko SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta Mendebaldeko herrialdeek, ordea, ez diote inolako sinesgarritasunik eman Al-Assaden ekimenari.
Siriaren aurkako neurri gehiago onartu ditu Europak
Europako Batasuneko Atzerri ministroek Siriaren aurkako zigorrak indartzea hitzartu dute gaur. Siriako Banku Zentralaren aktiboak izoztu egingo dituzte, eta debekatu egingo dute Siriako erakunde publikoekin urrearekin edo bestelako metal bitxiekin salerosketak egitea.
Horrekin batera, Siriako zazpi ministroren ondasunak blokeatzea erabaki dute. Zamalanak egiten dituzten Siriako hegaldiak ere debekatuko dituzte.