Siria

Siriako oposizioak proposatu du indarkeriaren bukaera trantsiziorako gobernuak zuzentzea

NCSROF koalizioak 22 puntuko plan bat aurkeztu du. Damaskok ez du onartu.

mikel rodriguez
2014ko otsailaren 12a
15:57
Entzun

Siriako gatazka konpontzeko helburua duten elkarrizketen bigarren faseko hirugarren eguna ere emaitza jakinik gabe bukatu da Genevan (Suitza). NCSROF Siriako Iraultzaileen eta Oposizioaren Koalizio Nazionalak trantsiziorako plan bat aurkeztu dio Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari bereziari, Reuters agentziak jakinarazi duenez. Planean, bere printzipio nagusiari eutsi dio NCSROFek: lehentasuna trantsizioa zuzenduko duen gobernu bat eratzea da, oposizioko eta egungo gobernuko kideekin osatua. Baxar al-Assad presidenteari ez dio aipamenik egin agirian; NCSROFek zehaztu du, ordea, ez duela aipatu "garbi" utzi duelako Al-Assadek ez duela rolik izanen.

Gobernu horren lehenbiziko eginbeharra litzateke indarkeria eteteko neurriak hartzea, NBEren behatzaileen laguntzarekin. NCSROFen arabera, neurri horiek lirateke: armada erretiratzea, talde armatuei armak kentzea eta bi aldeetan borrokan ari diren atzerritarrak bidaltzea. 

Siriako Gobernuaren delegazioak erantzun du, ordea, negoziazioek ez dutela emaitzarik emanen oposizioak jarraitzen badu lehentasuntzat paratzen trantsiziorako gobernua sortzea. Faisal Mikdad Atzerri ministrordeak erran duenez, gobernua prest dago Geneva 1eko hitzarmena betetzeko, baina horren puntuen ordena errespetatuz. NBEk, nazioarteko potentziek eta Siriako gatazkan eragina duten hainbat herrialdek 2012an onartutako agiri horren lehenbiziko puntuak indarkeriarekin bukatzea exijitzen du, eta trantsiziorako gobernuaren ezarpena seigarren puntua da.

Brahimi mandatariak atzo onartu zuen elkarrizketen bigarren fasean ez zela ari lortzen "aurrerapen anitzik". Eztabaida sortu duten gai nagusiei buruz, indarkeria eteteari eta trantsiziorako gobernuari, paraleloan negoziatzea proposatu zuen Brahimik, baina bi aldeek aukera hori baztertu dute gaur. Blokeo egoera erabatekoa dela ikusita, AEBek, Errusiak eta NBEk etzi Genevan egitekoa zuten bilera biharko egunera aitzinatzea erabaki dute. 

Blokeoa erabatekoa izanagatik ere, bi aldeek ez dute elkarrizketak bukatzeko asmorik agertu. Asteburu honetan bukatzekoa da bigarren fasea, eta Anas Abdah oposizioaren talde negoziatzaileko kideak erran duenez "astebetera" itzuliko dira Genevara. Buzaina Xabaan gobernuaren ordezkariak adierazi du deitzen dituztenean itzuliko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.