Siriako oposizioaren konpromiso falta kritikatu du NBEko misioaren buruak

Robert Mood jeneralak erran du talde armatuek behar bertzeko bermerik ez dietela eman aske mugitzeko

mikel rodriguez
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Siriarako misioaren buruak oposizioko taldeen konpromiso falta salatu du Segurtasun Kontseiluaren aitzinean egindako agerraldian. Robert Mood jeneralak azaldu duenez, azken egunetan Siriako Gobernuak herrialdetik aske mugitzeko behar bertzeko bermeak eskaini dizkie behatzaileei, baina oposizioko taldeen aldetik oraindik ez dute «hain adierazpen argirik» jaso. Moodek Segurtasun Kontseiluko kideei berretsi die behatzaileen mugimendu guztiak bertan behera utzi dituztela segurtasun arrazoiengatik, baina ez dio ez gobernuari, ez oposizioari egotzi horren erantzukizuna. Hala ere, behatzaileak ez direla inora joanen jakinarazi du.

Ateak itxita mintzatu da Mood Segurtasun Kontseiluarekin. Bilkuraren ondotik egindako agerraldian, azaldu du hil honetan gogortu diren borrokek «are gehiago» zaildu dutela zibilen egoera, borroketan harrapatuta gelditu direlako. Behatzaileen lana ere borroken ondorioz zaildu dela erran du. «Bonbardaketak, arma arinekin egindako tiroak eta bertzelako gertakariak gero eta hurbilago izan ditugu, eta erasoen helburuak izan gara hainbat aldiz azken asteetan». Horien artean aipatu du hilaren 12an Al-Haffeh barrutira bidean gertatu zitzaiena. Jendetza bidera agertu eta tiroka, harrika eta kolpeka eraso zioten NBEren konboiari eta buelta ematera behartu.

Presoen askapena

Moodek Segurtasun Kontseiluari ere jakinarazi dio Homs hirian su-etena lortzeko negoziazioetan ari direla behatzaileak, hainbat berri agentziak zabaldu dutenez. Izenik eman ez duen NBEko diplomazialari bat aipatu dute iturritzat. Horren arabera, Moodek jakinarazi du Damaskok bitan iragarri duela 500 presoren askapena, baina behatzaileek 230 presoko multzo bana eta 100eko bertze bat ikusi dituztela askatzen, eta horien artean oposizioko buruzagi «gutxi» zeudela. Era berean, oposizioko taldeek ere «norbanakoak preso» dituztela dio iturri horrek, baina «neurri txikiagoan».

Sirian 300 behatzaile daude, Kofi Annan NBEren eta Arabiar Ligaren sei puntuko plana nola betetzen den ikusteko. Puntu horien artean daude erabateko su-etena eta elkarrizketa politikoaren hasiera, baina bakar bat ere ez da bete oraindik. Mendebaldeko herrialdeek Baxar al-Assad presidentearengan paratu dute egoeraren erantzukizuna, eta hura gehiago estutzearen alde daude. EB Europako Batasuneko kideak, adibidez, Damaskoren aurkako zigorrak gogortzeko ados jarri dira, eta heldu den astelehenetik aitzinera Siriako herritar bat eta bortz erakunde gehituko dituzte aurrez egindako zerrenda beltzera.

Matxinoen deia kurduei

Sirian bertan, Gurutze Gorriak jakinarazi du Homsera sartzeko prest dagoela borroketan harrapatutako zibilei laguntzeko. Beatrice Megevand-Roggo erakunde horrek Ekialde Hurbilean duen ordezkariak adierazi du agintariek sartzeko baimena eman dietela, eta oposizioko taldeek borroketan geldialdi bat egitea errespetatuko dutela.

Oposizioko talde armatu nagusiak, Siriako Armada Askeak, elkarrekin borrokatzeko eskatu die kurduei. Kassem Saadeddine koronelak deia egin die «diskriminazio etniko eta erlijioso gabeko herrialde bat batera eraikitzeko». Kurdistango alderdiek eta eragileek, ordea, orain arte ez dute harreman ona izan Siriako oposizioko talde batzuekin, kurduen izaera onartu nahi ez dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.