MUNDUA

Siriako oposizioari "laguntza militarra" ematea onartu du Obamak

AEBetako Gobernuaren arabera, arma kimikoak erabili ditu Siriako Gobernuak. Horrela, Baxar al-Assadek "marra gorria" gurutzatu duela uste du Etxe Zuriak.

2013ko ekainaren 14a
15:06
Entzun

'USA Today' kazetaren arabera, Siriako oposizioa armaz hornitzea baimendu du Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak. Etxe Zuriaren arabera, Siriako Gobernuak arma kimikoak erabili ditu.

Ben Rhodesek, AEBetako Gobernuko Segurtasun kontseilariordeak, esan zuen AEBek "laguntza militarra" emango diela matxinoei, baina ez zuen zehaztu zertan datzan.

Etxe Zuriak uko egin dio orain arte oposizioari laguntza militarra emateari. AEBetako Gobernuak argudiatu izan duenez, ez zuen oposizioa armaz hornituko frogak izan arte Baxar al-Assaden erregimenak "marra gorria" —arma kimikoak erabiltzea— igaro duela.

Bestalde, biktimaren izena, hil zen eguna eta lekua egiaztatu ahal izan dituzten kasuak aintzat hartuta, Siriako gatazkan 92.901 lagun hil dira Baxar al-Assaden kontrako mobilizazioak hasi zirenetik, NBEren Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak jakinarazi duenez. Gatazkan askoz jende gehiago hil dela uste dute, ordea. Azken urtebetean, hilean 5.000 hildako zenbatu ditu NBEk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.