Bortz egun iraun zuen Siriako armadak herrialdearen erdialdeko Rastan hirian egindako setioak, irailaren 27tik joan den igandera arte. Siriako oposizioaren Kontseilu Nazionalaren arabera, gutxienez 130 lagun hil ziren erasoaldian, eta erregimeneko indarrek 2.000tik goiti atxilotu zituzten. Damaskoren arabera, Rastanen «armatutako talde terroristak» zeudelako hasi zuten setioa. Oposizioak dioenez, baina, matxinadaren aurka egin nahi ez zutelako armadatik desertatutako soldaduak ziren hiri horretan zeudenak.
Armada utzi duten soldadu taldeen inguruko berriak ugaritzen ari dira, baina horiek berrestea zaila da, Sirian ia ez baitago nazioarteko begiralerik edo hedabiderik. Horregatik, iturri nagusiak gatazkaren bi aldeak dira: oposizioa, eta Sana agentzia ofiziala. Atzo ere hildakoen berri eman zuten biek. Oposizioaren arabera, iparraldeko Idlib probintzian hiru militar eta zibil bat hil ziren desertoreen eta armadaren arteko borroketan, eta erdialdeko Hims probintzian estatuko indarrek lau zibil hil zituzten; Sanaren arabera, berriz, erdialdeko Hama hirian bi militar hil zituen «talde terrorista batek». Libanok salatu du, gainera, bere lurraldean tiroka aritu direla Siriako tankeak.
«Ehunka misil» sei ordutan
Mendebaldeko herrialdeak Bashar al Assaden erregimenari presioa areagotu nahian ari dira. Al Assadek adierazi du, baina, balizko eraso bati erantzuteko, Tel Aviven aurka jotzeko prest dagoela Damasko. Irango Fars agentziari egin dizkio adierazpen horiek Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutoglurekin izandako bilera batean. Sei ordutan Hezbolarekin batera Israelera «ehunka misil» jaurtitzeko gai direla erran du Al Assadek, eta Iranek Persiako Golkoan AEBen gerraontziak erasoko lituzkeela gaineratu du.
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua, berriz, Siriaren aurkako ebazpena bozkatzekoa zen bart. Aitzinetik, Errusiak adierazi zuen ez zegoela horren alde, Damaskori zigorrak ezartzea ahalbidetuko duelako.
Siriako Rastan hiriko bortz eguneko setioan hildakoak 130 dira
Bashar al Assadek erran du nazioartearen erasoren bat jasoz gero Israelera misilak jaurtiz erantzungo duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu