Siriako talde batek aske utzi ditu bahitutako libanoar xiitak

Siriarako B planik ez dagoela ohartarazi du kasko urdinen buruak, eta behatzaile gehiago eskatu ditu

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Siriako matxinoen talde bateko kideek Halaben bahitu zituzten Libanoko 11 xiita ongi daude, aske, eta Turkian. Saad Hariri Libanoko oposizioaren buruzagiaren bozeramaile batek jakinarazi du hori. Iturri horren arabera, Haririk Nabil Berri legebiltzarreko presidente xiitari deitu dio baieztatzeko Turkiara hegazkinez iritsi direla. Al Manar telebista kateak jakitera eman duenez (Hezbollahena da), ongietorria egiteko prestaketak egiten ari dira Beiruten.

ANN Libanoko agentzia ofizialak Siriako Armada Askeak erromes xiita batzuk bahitu zituela zabaldu zuen, baina talde horrek ukatu egin zuen bahiketarekin zerikusia zuela. Hezbollahek bahitutakoak askatzeko eskatzearekin batera, siriarren kontra ekintzarik ez egiteko esan die herritarrei. Azken astean liskar gogorrak izan dira Baxar al-Assaden aldekoen eta kontrakoen artean, eta hamalau hildako eta 150 zauritu izan dira. Hezbollaheko kideak ere bi aldeetan banatuta daude.

NBE, erantzunik gabe

Nazio Batuen Erakundeko kasko urdinen buruzagi Herve Lansousek aitortu du Kofi Annanen planarekin ez dela konpontzen ari Siriako gatazka, baina «ez dago B planik». Hori barneratu beharra dago, haren ustez.

Annanen planak aurrera egin dezan, behatzaile gehiago behar dira. Haiek Sirian daudenetik indarkeria gutxitu egin da, baina ez da nahikoa: «Hainbat ekintza onartezinak dira». Behatzaileak arriskuan daude, eta zerbait larria gertatuko zaien beldur da. Nazioarteko ordezkari gehiagoren beharra nabarmendu du: «Segurtasun Kontseiluak onartutako 300 pertsona ez dira ezer 26 milioi pertsona bizi diren herrialde batentzat».

Datorren astean aztertuko du NBEk behatzaileen lanak zer eman duen, eta Ban Ki-moon idazkari nagusiak emango du txostenaren berri.

Atzo, berriz, ostiralero bezala, protestak izan ziren Damaskoko hainbat auzotan Baxar al-Assaden kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.