Sirian 28 lagun hil dituzte Poliziaren kontrako bi erasotan

Hasieran, Siriako Armada Askeak bere gain hartu ditu Poliziaren aurka Aleppon egindako atentatuak; gero, Al-Assadi egotzi dio erruaOposizioari armak emanda krisia larritzea leporatu dio Errusiak Mendebaldeari

2012ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Bi atentatuk nahasmena sortu zuten atzo Siriako Aleppo hirian, Damaskotik iparraldera, 360 kilometrora. Polizia Militarraren Informazio Zerbitzuaren eraikinaren aurkakoa izan zen lehen leherketa, eta istiluen aurkako Poliziaren eraikinaren kontrakoa, bigarrena. Erasoetan 28 lagun hil dira, tartean zibilak, eta 235 lagunetik gora zauritu. Gobernuak dio erasoak «talde terroristek» egin dituztela. Atentatuen egiletza, dena den, ez dago argi. Riad al-Assad, Siriako Armada Askeko buruak bere gain hartu ditu erasoak, baina, haren ondotik hitz egin du Malek Kurdik desertoreen armadako bigarrenak, eta gobernuari egotzi dio gertakarien errua: «Erregimenak berak egin ditu atentatuak, beste hiri batzuetan egiten ari den krimenak estaltzeko».

«Barkamena eskatzen dugu irudion gordintasunagatik, baina horrelako terrorismoari egin behar diogu aurre», adierazi du estatuko telebistako kazetari batek, atentatuak izan diren lekutik gertaeren berri ematerakoan. Biktimen artean haurrak ere badirela aipatu du, eta hildakoen gorputz atalen irudiak erakutsi dituzte. «Hau al da Hamadek eta Erdoganek nahi duten askatasuna?», galdetu du etsita gizon batek, kameren aurrean, Qatarreko lehen ministro Hamad bin Jassimi eta Turkiako lehen ministro Recep Tayyip Erdogani erreferentzia eginez. Izan ere, Ankara eta Doha izan dira Baxar al-Assad Siriako presidentearen aurkako kritika gogorrenak egin dituztenak eskualdean.

Oposizioak, baina, argi dauka «iraultzari entzutea belzteko» gobernuaren trikimailuak izan direla Aleppoko atentatuak. Siriako Armada Askeko bigarrenak Poliziaren bi eraikinei arma arinekin eta granada jaurtigailuekin eraso egin dietela onartu du, baina leherketak beraiek atzera egin ondoren jazo direla dio. «Guk ez daukagu horrelako erasorik egiteko behar adina baliabiderik», gaineratu du.

Siriako hiriburu ekonomikoa da Aleppo, eta orain arte Al-Assaden aurkako protestek ez dute jarraipen handirik izan han. Oposizioko Siriako Iraultzaren Batzorde Orokorreko buruzagi Suleiman al-Halabiren ustez, errepresioaren ondorioa da hori. Xabihek —erregimenaren soldatapeko hiltzaileek— hiria kontrolpean dutela eta manifestazioak zapaltzen dituztela adierazi du. «Agintarien kontrola erabatekoa da». Dena den, Al-Alabiren arabera, azken hilabeteetan beste hainbat hiritatik oposizioko kide asko joan dira Aleppora errepresiotik babestera.

Homs, tankeekin inguratuta

Herengun Siriako armadak Homsen egin zuen erasoaldia bereziki gogorra izan zen. Oposizioaren arabera, 100 lagunetik gora hil ziren bonbardaketen ondorioz. Atzo ere, tarteka, bonbardaketak eta tiroketak egin zituztela kontatu dute. Horrez gain, lekukoen arabera, armadak hainbat auzo tankeekin setiatu ditu gauez, eta herritarrak erasoen beldur dira. Siriako Armada Askeak, berriz, «edozein erasori» aurre egiteko prest daudela adierazi du.

Herenegun gauean, gainera, ehunka manifestari bildu ziren Homs hiriko Al-Abayada auzoan, Al-Assaden erregimenaren aurka protesta egiteko. Iragan ostiralaz geroztik ari da armada hiria bonbardatzen. Barack Obama AEBetako presidenteak «sarraski lazgarria» gaitzetsi du.

Errusiaren kontrako protestak

Iragan larunbatean NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan Errusiak eta Txinak betoa jarri zioten Siriaren kontrako ebazpenari. Moskuk argudiatu du ez duela inoiz onartuko Sirian esku hartze militarrari bide eman diezaiokeen eta Al-Assaden dimisioa eskatzen duen ebazpenik. Hori horrela, oposizioak protestara deitu zuen atzo, presidenteari boterea uzteko eskatzeko eta Errusiaren betoa salatzeko. Baina Moskuk dio oposizioak «erantzukizun handia» duela gatazka horretan —gero eta gogorragoa da—, gobernuarekin hitz egiteari muzin egin diolako.

Mendebaldeko herrialdeei, berriz, oposizioaren alde lerrokatu izana leporatu die, eta horiek egindako krimenen «konplize» direla. Are gehiago, horiei armak ematen ari direla salatu du Errusiako Gobernuak, eta era horretan krisia handitzen ari direla. «Armak bidaltzen dizkiete, eta nola jokatu behar duten esaten diete», esan du Sergei Riabkov Atzerri ministrordeak. Siriako barne arazoetan sartzeari uzteko eskatu die. «Segurtasun Kontseilua ez da herrialde baten barne arazoetan esku hartzeko tresna. Ezta herrialde batean edo bestean hurrengo gobernua zein izango den erabakitzeko agentzia ere».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.