Sirian batasun gobernu bat eratzeko prest dagoela gezurtatu du SNCk

Erakundeko kide batek Baxar al-Assaden gobernuarekin negoziatzeko prest daudela esan du lehendabizi, indarkeria gelditzekoMatxinoek erasoaldi bat egin dute Halaben, eta armadak hiriko erdigunea bonbardatu du

2012ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko Georges Sabrak adierazi du prest daudela onartzeko Baxar al-Assad presidentearen «erregimeneko norbaitek» gidatuko duen trantsiziorako gobernu bat, «Yemenen egin zuten bezala». Lehentasuna hilketak gelditzea eta zibilak babestea dela esanda arrazoitu du SNCren jarrera aldaketa. «Al-Assaden auzia» bigarren mailako eztabaida dela gaineratu du. Sabraren hitzek, baina, harridura eragin dute alderdiaren barruan, eta berehala atera dira SNCko buruzagiak hark esandakoa ukatzera. «Inoiz ez dugu planteatu parte hartzea erregimeneko inork gidatutako batasun gobernu batean», adierazi du SNCko bozeramaile Basmma Kodmanik. Munzer Mahos alderdiko kideak ere ildo beretik jo du: «Siriako herriaren hilketan parte hartu duen inork ezin du negoziatzen hasi».

Mahosek ukatu egin du, gainera, bere alderdikide Sabrak batasun gobernua eratzea onartzen dutela esan duenik. «Gezurra da. [...] Ez da hitzik esan ildo horretan pausorik emateko». Al-Assaden «erregimeneko gertukoekin» hitz egiteko prest daudela esan du gero. «Siriarren aurkako izuan parte hartu ez dutenekin», zehaztu du. Argi utzi nahi izan du, dena den, negoziazioen bidetik konpondu nahi dutela gatazka. «Uste dugu herrialdearen etorkizuna ezin dela erabaki alde baten garaipen ala porrot militarraren arabera».

Bestalde, oposizioko Siriako Armada Askeak Halab hiriaren erdigunea hartzeko erasoaldi bathasi du, eta borrokak gogortu egin dira. Oposizioak salatu duenez, armadak Halab bonbardatu du lehen aldiz, matxinoek hartutako auzoak berreskuratzeko. Hiriko espetxe batean matxinada bat izan dela ere kontatu du oposizioak, eta indarkeria gelditzeko presoen aurka tiro egin dutela segurtasun zaindariek. Gutxienez zazpi lagun hil dituztela salatu dute.

Azken egunak bereziki odoltsuak izaten ari dira herrialdean. Atzo ere, dozenaka hildakoren berri eman zuten oposizioko taldeek. Herri Koordinaziorako Batzordeen esanetan, gutxienez 80 lagun hil ziren; horietatik 20, Halaben. Iraultzaren Batzorde Orokorrak 77 zenbatu zituen, eta Siriako Giza Eskubideen Behatokiak —egoitza Londresen du—48 zibil eta 26 soldaduren heriotzaren berri eman zuen. Borroka fronterik gogorrenak Halaben eta Damaskon daude orain.

Sirian indarkeria gora doala ikusita, herrialde horrekin duen muga indartzea erabaki du Irakeko Gobernuak. Armadako soldaduak bidali ditu matxinoek muga postuak bereganatu dituzten lekuetara. Indarkeriatik ihesi doazen herritarrei, baina, herrialdean sartzen uztea erabaki du.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak jakinarazi duenez, hain justu, azken egunotan milaka lagunek jo dute ondoko herrialdeetara borroketatik ihesi. Erakundearen datuen arabera, 150.000 lagun inguru atera dira Siriatik azken egunetan, baina UNHCRko eledun Melissa Flemingek aitortu du ziurrenik askoz gehiago direla, «horietako asko ez direlako erregistratzen». Gaineratu du gatazkak milioi eta erdi desplazatu eragin dituela.

Kurdistango hiriak askatzen

Siriaren menpeko Kurdistango seigarren hiria —Girke Lege— askatu dute kurduek, eta armadak hiria utzi duela adierazi dute. «Kurdistanen gertatzen ari dena ezin da alderatu Siria erdialdean eta hegoaldean gertatzen ari denarekin, kurduok borroka zibila egiten ari garelako. Ahal dugun guztia egiten ari gara armarik ez erabiltzeko, eta gure hiriak modu baketsuan askatzen ari gara», jakinarazi du Ismail Sharaf Kurdistango Alderdi Demokratikoko Siriako batzordeko zentraleko kideak.

Girke Legen egoera baketsua dela dio Sharafek, eta agintari kurduak lanean hasi direla herritarren beharrak asetzeko. Iragan astean, Damaskon Al-Assaden aldeko eta aurkakoen arteko borrokak indartzearekin bat, beste hainbat hiri askatu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.