Sirian esku hartze militarra hasteko baimena dauka Turkiako Gobernuak

Parlamentuak Siriara tropak bidaltzeko baimena eman arren, hori «disuasio hutsa» dela adierazi du Erdogan lehen ministroakAnkarak jakinarazi du mugako erasoagatik Damaskok barkamena eskatu diola

mikel rodriguez
2012ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Sirian esku hartzeko bidea ireki du Turkiak. Herenegungo erasoekin bi herrialdeen arteko tentsioa puntu gorenera ailegatu ondoren, parlamentuak Siriara tropak bidaltzeko baimena eman dio gobernuari, urtebeteko epean. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak zehaztu du, baina, ez dutela gerrarik hasteko asmorik. Parlamentuak emandako baimena «disuasio hutsa» dela adierazi du, baina ohartarazi du «inork» ez lukeela Turkiaren «gaitasuna probatzen ibili beharko». Gainera, Siriak Turkiari herenegungo erasoagatik barkamena eskatu diola jakinarazi du Besir Atalay lehen ministrordeak. Azaldu duenez, Damaskok NBE Nazio Batuen Erakundearen bidez egin dio eskaera Ankarari. Siriako Gobernuak, baina, jendaurrean ez du deus adierazi.

Herenegun bortz zibil hil zituzten Turkian, Akçakalen, Siriatik jaurtitako obusengatik. Horren ondotik, Turkiako armadak hainbat orduz bonbardatu zuen Siria, atzo goizaldera arte. Damaskok ez du eman eraso horien ondorioen berririk. Oposizioko Siriarako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, berriz, Turkiak hainbat soldadu hil ditu Al-Reqa probintziako kontrol postu bat bonbardatuta.

NATOri begira

Mendebaldeko estatuek eta erakundeek, NATO guztien buru, gogor gaitzetsi dute Siria. Aliantza militarreko kideren batek eraso bat jasanez gero, bertzeei laguntza eskatzeko eskubidea du. Mekanismo diplomatikoak bere bideari jarraituz gero, beraz,NATOk Sirian esku hartzeko bidea ireki ahalko luke Turkiaren bidez, Bulent Arinc lehen ministrordeetako batek herenegun bertan oroitarazi zuen bezala. Atalay haren kargukideak biharamunean zehaztu du Turkiak ekimen oro «nazioartearekin elkarlanean» hartuko duela. «NATOk hartuko duen erabakia hagitz garrantzitsua izanen da. Bertze herrialdeen eta NBEren adierazpenak lehen lerroan daude». Giroa lasaitu nahi izan du Atalayk, parlamentuaren erabakia gerra deklarazio bat ez dela erran duen lehen goi karguduna izan baita.

Hala ere, Errusiak, Siriak nazioartean duen aliatu nagusiak, berehalakoan erantzun du egoeraren larritasuna ikusita. Sergei Lavrov Atzerri ministroak Damaskori eskatu dio gertatutakoa berehala argitzeko. Bide batez, Turkiak jasandako erasoaren ardura ere Siriako armadari egotzi dio Lavrovek: «Erran digute gertatutakoa kasualitate tragiko bat izan dela eta berriz ere ez gertatzeko neurriak hartuko dituztela». Damaskok erasoa jendaurrean onartzeak ere lagunduko lukeela uste du Lavrovek. Siriako Gobernuak egindako azken adierazpenean, ordea, Omran al-Zubi Informazio ministroak adierazi du gertatutakoa ikertzen ari direla.

Turkiaren eta Siriaren arteko azken gertakariarekin, hainbertze aldiz eskatutako nazioarteko esku hartzea lortzeko aukera ikusi du FSA Siriako Armada Askea matxino taldeak. Malek Kurdi FSAko buruzagiordeak adierazi du Turkiari laguntzeko prest daudela eta espero duela Siriari erasoz gero matxinoekin elkarlanean egitea. Hala ere, Kurdik uste du Turkiak ez duela bere kontutik joko Siriaren aurka. «Nazioartearekin elkarlanean ebazpen bat bilatuko du, NBEren Segurtasun Kontseiluarekin, edo NATOrekin». NBEko iturriek bart jakinarazi zuten Segurtasun Kontseilua gertakarien inguruko adierazpen bat prestatzen ari zela.

Ia hamarkada oso batez harreman onak landu ondotik, iazko ekainean hasi zen Ankara-Damasko lotura hausten, Erdoganek Baxar al-Assad Siriako presidenteari egotzi zionean matxinada zela-eta «gizagabe» jokatzea. Orain arteko tentsio une larriena aurtengo ekainean izan zuten, Siriako armadak Turkiakoaren hegazkin bat bota zuenean. Orduan eman ez zuen pausoa eman du oraingoan Turkiako Parlamentuak, baina denborak erranen du Akçakaleko erasoa nazioarteko gerra baten casus belli-a bilakatuko den ala ez.

«Mundu gerra bat»

Hain zuzen, CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko diputatu Muharrem Incek uste du parlamentuak onartutako mozioak «mundu gerra bat» sortzeko bidea ireki duela. «Mozio honek ez du mugarik», erran du Incek. Gobernuko AKP Justizia eta Garapena Alderdiak aurkeztu du mozioa, eta 320 diputatuk egin dute alde. 129k aurka bozkatu dute, hain zuzen, CHP oposizioko alderdi nagusikoek eta BDP Bakea eta Demokrazia Alderdi kurdukoek. Izan ere, Turkiaren esku hartzeak Siriaren menpeko Kurdistan kontrolatzeko helburua izanen ote duen beldur dira kurduak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.