Parlamentari kontserbadore ugarik laboristekin bat eginda, Erresuma Batuko Parlamentuak ezetz esan dio Sirian esku hartze militar bat abiatzeari. Komunen Ganbera osatzen dutenetatik 272k bozkatu dute bart erasoaren alde, eta 285ek, aldiz, kontra.
"Argi dago Erresuma Batuko Parlamentuak, herri britainiarraren iritzia islatzen duenak, ez duela esku hartze militar bat nahi. Ulertzen dut, eta horren arabera jokatuko dut", esan du Cameronek bozketaren ondoren. Hori esanda ere, Ed Miliband Alderdi Laboristaren buruzagiak eskatu dio parlamentuak ebatzitakoaren kontrako erabakirik ez duela hartuko konpromiso publikoa agertzeko.
"Ziurta dezaket. Komunen Ganberaren borondatea errespetatzeko beharrean sinesten dut", erantzun dio Cameronek. Hala ere, beharrezkotzat jo du "arma kimikoen erabilerari erantzun irmo bat" ematea. Philip Hammond Erresuma Batuko Defentsa ministroa atsekabetuta azaldu da parlamentuaren erabakiarekin, baina hura errespetatzeko prest azaldu da; "parlamentuak esan du ez dela esku hartze militarrik izan behar, eta ez da izango", esan dio The Guardian egunkariari.
"Herrialde bakoitza libre da operazio batean parte hartzeko edo ez hartzeko", adierazi du horren aurrean François Hollande Frantziako presidenteak. "Damaskoko sarraski kimikoa ezin da zigorrik gabe utzi", erantsi du, Frantzia ekiteko prest dagoela nabarmentzearekin batera. "[NBEko] Segurtasun Kontseilua ekin ezinda gertatzen bada, koalizio bat sortuko da. Ahalik eta zabalena izan beharko du koalizio horrek, eta Arabiar Ligan izango du oinarri".
Balizko esku hartze horren helburua, Hollanderen esanetan, ez litzateke Baxar al-Assad agintetik kentzea, baina bai "erregimen bati galga jartzea". Frantziako Legebiltzarrak asteazkenean aztertuko du Siriako egoera, baina ez da gaiari buruzko bozketarik egingo.
"AEBen interesek gidatuta"
Barack Obama Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ere hitz egin du Erresuma Batuko parlamentuaren ezezkoaren ondoren. Eraso militarraren inguruan Cameronekin hitz egiteko asmoz agertu da Obama, Etxe Zuriak jakinarazi duenez. "Parlamentuko bozketaren emaitza ikusi dugu, baina AEBek Erresuma Batuari kontsulta egiten jarraituko dute, gure aliatu estuenetako bat delako", esan du AEBetako Gobernuko bozeramaile Caitlin Hydenek.
Edonola ere, Hydenek erantsi du Obamak "interes estatubatuarrek gidatuta" hartuko duela Siriaren inguruko erabaki bat. "Hark uste du AEBen oinarrizko interesak jokoan daudela eta nazioarteko arauak urratzen dituzten herrialdeek kontu eman behar dutela", azaldu du.
Halaber, Chuck Hagel AEBetako Defentsa idazkariak adierazi du Etxe Zuriak "nazioarteko koalizio" bat bilatzen jarraituko duela Baxar al-Assaden kontra jotzeko. "Obama presidentearen eta gure gobernuaren helburua da nazioarteko lankidetza egotea", azaldu du.