Bilkurak emaitza zehatzik eman ez dituen arren, John Kerry AEBetako Estatu idazkariak iragarri du «etorkizun handiko prozesua» hasi dela. Kerryk nabarmendu duenez, gerra hasi zenetik ez da sekula gisa horretako ekinaldi diplomatiko bat martxan jarri. Izan ere, Sirian elkarren aurka —zeharka bada ere— borrokatzen duten potentziak mahai beraren bueltan esertzea bera aurrerapausoa da. Matxino taldeen babesle nagusiak —Saudi Arabia, Turkia eta AEB— eta Damaskoren aliatu indartsuenak —Errusia eta Iran— modu ofizialean Siriari buruz mintzatu duten lehen aldia da.
Ez da Kerry bezain baikor agertu Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Aitortu du AEBekiko desadostasunek dirautela Baxar al-Assad Siriako presidentearen etorkizunaren inguruan: "Errusiak erabat ziur dago Assaden etorkizuna siriarrek erabaki behar dutela prozesu politiko batean".