Sirian zelan jokatu aztertzen hasi dira AEBak eta Turkia

«Ekintzarako plan bat» zehaztu nahi dute bi herrialdeek arlo militarrean, inteligentzia alorrean eta eremu politikoanAnkarak PKK-ko ustezko hamasei kide hil ditu, eta gerrillak, Turkiako sei soldadu

Jon Fernandez.
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Baxar al-Assad Siriako agintetik kanpo ikusi nahi dute AEBek eta Turkiak, eta erregimen aldaketa zelan bultzatu aztertzen hasi dira bi herrialdeetako ordezkariak. Ankaran egin zuten, atzo, «ekintzarako plana» zehazteko lehenengo bilera. Helburua da hiru eremutan erantzun koordinatu bat adostea: arlo militarrean, inteligentzia alorrean eta eremu politikoan. Batzarraren ostean, ez dute azalpenik eman, baina AFP agentziak jakinarazi du, besteak beste, esku hartze militarraren aukera izan dutela hizpide. Izan ere, Barack Obamak aste honetan markatu du zein den bere «marra gorria»: Damaskok arma kimikoak erabili edo lekuz mugituz gero, militarki sartuko da Sirian.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria hilaren 11n izan zen Istanbulen, eta, Turkiako agintariekin bildu ostean, iragarri zuen «ekintzarako plana» zehazteko bilerak egingo zituztela bi aldeek. Halit Cevik Ankarako Atzerri Ministerioko bigarrenak eta Elisabeth Jones AEBetako enbaxadoreak gidatu dute lehenengo bilera, eta herrialde bakoitzeko zerbitzu sekretuetako agenteen, militarren eta diplomazialarien ordezkariek parte hartu dute.

David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroak eta Obamak arma kimikoen balizko erabileraren harira Al-Assadi ohartarazpen gogorrak egin ostean etorri da bilera. Egunotan, hain zuzen, arma kimikoei lotutako beste beldur bat astindu du Ankarak: errefuxiatuena. Dagoeneko 70.000 iheslaritik gora hartu dituela azaldu du Recep Tayyip Erdoganen gobernuak, eta ohartarazi du arma kimikoak erabiltzeak Siriako herritarren ihes masiboa eragingo lukeela. 1991ko Golkoko Gerra gogora ekarri du, orduan Iraken menpeko Kurdistango milioi erdi inguru herritarrek gurutzatu baitzuten muga.

Emana dute abisua. Turkiak ez du gaitasunik 100.000 iheslaritik gora hartzeko, eta Ahmet Davutoglu Atzerri ministroak proposamen bat egin du: Siria barruan «segurtasun eremu bat» sortzea NBE Nazio Batuen Erakundearen baimenarekin, bertan errefuxiatuak babesteko. Gai hori ere aztergai izan dute Ankaran. Datorren eguenean, hain justu, Siriako egoera humanitarioaz eta errefuxiatuen krisiaz eztabaidatuko dute NBEko Segurtasun Kontseiluan.

Indarkeria Kurdistanen

Turkiak aspaldi indartu zuen bere indar militarra Siriarekin duen mugaldean, batez ere Kurdistango eremuan, kurduengan jarria baitu mira. Davutogluk asteak daramatza PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiaren mamua astintzen, esanez Siriaren menpeko Kurdistan Turkiari erasotzeko atzeragoardiatzat hartuko duela. AEBen babesa jaso du, gainera, Ankarak. «Siria ezin da bihurtu PKK-ko terroristen babesleku, ez orain, ez Al-Assadek alde egitean», esan zuen Clintonek orain bi aste.

Bitartean, giroa gero eta beroagoa da Turkiaren menpeko Kurdistanen. PKK-k Ankarako armadako bost kide hil zituen herenegun gauean, Hakkari probintzian minekin egindako eraso batean. Armadak gerrillari kurduak harrapatzeko operazioa hasi zuen berehala, eta PKK-ko hamasei kide hil dituztela jakinarazi dute militarrek. Baina indarkeriak ez du etenik, eta atzo berriz egin zuen eraso gerrilla kurduak, eta Turkiako beste soldadu bat hil zuen. Armadak oraindik zabalik du gerrillari kurduen kontrako operazio militarra Hakkarin. Gerra helikopteroak eta tropa gehigarriak bidali dituzte.

Bestalde, hautsak harrotzen jarraitzen du joan den astelehenean Turkia hego-ekialdeko Gaziantep hirian lau hildako laga zituen erasoaren egileei buruzko nahasmenduak. PKK-k bera ez zela izan azaldu arren, Erdoganek gerrilla kurduari egotzi zion hilketa. Atzo, ordea, bestelako aukera batzuk aipatu zituen Bulent Arinç Turkiako lehen ministrordeak, erasoaren atzean atzerriko potentziaren bat egon daitekeela iradokita. «Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez du soilik Siria hartzen. Erasoa egin zezaketen atzerriko potentzia guztien aukera aztertzen ari gara, Iran tartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.