Siriara 300 behatzaile bidaltzea adostu du Segurtasun Kontseiluak

NBEren organo goreneko hamabost kideak bat etorri dira misioa berehala abiarazteko; su-etena betetzeko eskatu diote DamaskoriHerrialdean diren begiraleak Homsen izan dira; armadak erasoak eten ditu hiri horretan

2012ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluan azken hilabeteetako zatiketa gainditzea lortu dute, eta Siriara 300 behatzaile bidaltzeko ebazpena onartu dute hamabost kideek aho batez.Oposizioak eta gobernuak adostutako su-etena betetzen ote duten egiaztatzeko betebeharra izango dute begiraleek. Ebazpen horretan, Kofi Annan NBEren eta Liga Arabiarraren mandatari bereziaren plana berehala betetzeko eskatu diote Siriako Gobernuari. «Ebazpen hau onartzea oso garrantzitsua da Annanen bake plana indartzeko», adierazi du Errusiaren NBEko ordezkari Vitaly Txurkinek.

«Hasteko, erabaki dugu martxan jartzea 90 egunerako NBEren Siriarako gainbegiratze misioa, 300 behatzaile militar ez-armaturekin, horietako batek zuzenduta, baita kide zibilek ere», bildu dute ebazpenean. Azken astean, hain zuzen ere, Segurtasun Kontseilua Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko zatiketaren jokalekua izan da, beste behin. Errusiak proposamen propioa aurkeztu zuen, 300 behatzaileak lehenbailehen bidaltzeko eskatuta. Frantziaren eta Alemaniaren proposamenak, berriz, eskatzen zuen Baxar al-Assaden gobernuak tropak hirietatik atera arte itxarotea begiraleak bidali ahal izateko.

Bestetik, Annanen plana bete ezean zigor ez-militarrak hartzeko bidea gehitu nahi zuten mendebaldeko herrialdeek ebazpenean. AEBetako Estatu idazkari Hillary Clintonek ere armen bahimendu global baten alde egin zuen testua bozkatu aurretik, eta proposatu zuen zigor gogorragoak hartzea Al-Assaden aurka, «su-etena hausten jarraituz gero». Errusiak, baina, zigorren bidea baztertu du. Hori horrela, ostiralean bi testuekin proposamen bateratu bat adostu zuten herrialdeek, atzo aho batez onartu zutena. «Beharrezkoa bada ebazpen hau ebaluatzeko asmoa, eta beste neurri batzuk hartzeko aukera» bildu dute testuan, bi blokeek onar zezaten.

Frantziaren NBEko enbaxadore Gerard Arauden hitzetan, ebazpena mugarri bat da. Hilabeteetako blokeoen ondoren Siriak nazioartearen mezu bateratua entzun behar duela adierazi du, eta «egoera onartezin hau» amaitu behar dela. Parisek Al-Assaden gobernuari exijitu dio errespetatzeko300 behatzaileen askatasuna. Alemaniaren NBEko ordezkari Peter Witting ere kezkatuta agertu da: «Gaur hartu dugun erabakiak baditu bere arriskuak: su-etena ez da guztiz betetzen, eta Siriako agintariek hiriak bonbardatzen jarraitzen dute. Emakumezkoen, haurren eta gutxiengoen kontrako bortxaketak ere etengabeak dira».

Behatzaileak, Homsen

Homs hirian, aspaldiko egunik lasaiena izan zuten atzo, oposizioko iturriek kontatu dutenez. Iragan igandeaz geroztik su-etena egiaztatzeko Sirian den NBEren behatzaileen lehen taldea hiri hori bisitatzen izan zen, hain justu ere. Begiraleak eskualdeko gobernadorearekin bildu ziren, eta ustez liskarretan gehien kaltetutako Bab Amr auzoan izan ziren, besteak beste. Oposizioak dio begiraleak han daudela-eta ez zuela atzo armadak bonbardaketarik eta tiroketarik egin, «aurreko egunetan ez bezala». «Behatzaileak etorri aurretik, hainbat auzo suntsitzen saiatu da erregimena. Eta behatzaileei hiru aldiz galarazi die Homsera joatea, esanda ezin zuela ziurtatu haien segurtasuna», kritikatu du oposizioko Herri Koordinaziorako Batzordeetako ekintzaile Emad Hosarik.

Hain zuzen ere, Hosarik adierazi du Homseko Al-Jalediya auzoa oso kaltetuta dagoela, azken egunetan han izan diren bonbardaketak direla eta. Bestalde, oposizioko ekintzaileak salatu du herenegun gauean armadak eraso bortitzak egin zituela Duma hirian —Damaskotik gertu—.

Hosariren esanetan, erregimenak ez du bete Annanen plana, ez baititu tankeak hirietatik atera. Apirilaren 12an bi aldeek su-etena indarrean jartzea adostu zutenetik, hain justu ere, itun hori haustea leporatu diote elkarri etengabe. Sana berri agentzia ofizialak atzo salatu zuen «talde terroristek» armadaren eta zibilen aurkako erasoak areagotu dituztela su-etena aprobetxatuta. Azken egunetan, besteak beste, Daraa eskualdean lehergailu baten eztandaren ondorioz hamar soldadu hil direla dio Sanak. Armadaren autobus bati eraso diotela ere kontatu du berri agentzia ofizialak. Horrez gain, Halaben gobernuaren aldeko manifestazio batean «armatutako gizon batzuek» lau zibil tiroz hil dituztela dio, eta beste hamabost zauritu, tartean zazpi soldadu.

Deir ez-Zor eskualdeko Abu Hamam hirian, berriz, oliobide bati eraso egin diotela salatu du gobernuak. Lehergailu bat zartarazi dutela adierazi du, eta 2.000upel petrolio galdu dituztela.

«Aurrerapen handirik ez»

Bestalde, gobernuak jakinarazi du aske utzi dituela oposizioko 30 lagun. Sana berri agentziaren arabera, Al-Assaden gobernuaren aurka egindako ekintzengatik atxilotu zituzten, baina ez dute «odolezko krimenik» egin. Dena den, NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moonek aste honetan adierazi du Siriako gobernuak ez dituela bete bake planaren eskakizunak. «Ez ditu preso politiko asko aske utzi», esan du. Eta laguntza humanitarioa helarazteko negoziazioetan ere aurrerapen handirik egin ez dutela nabarmendu du.

Annanen planak, hain zuzen, eskatzen du indarkeria mota oro geldiaraztea, prozesu politiko bat abiaraztea, laguntza humanitarioa helarazteko bermeak eskaintzea eta preso politikoak aske uztea. Horrez gain, exijitzen du kazetariei modua ematea herrialde osoan libreki lan egiteko, eta baita ere, politikariei, manifestazio baketsuak egiteko eskubideari eta biltzeko eskubideari errespetua.

NBEren azken datuen arabera, 10.000 pertsona inguru hil dira iaz Al-Assaden aurkako protestak hasi zituztenetik. Oposizioak, baina, dio biktimak 13.000 direla, eta 10.000 lagun desagertuta daudela. Bestalde, oposizioaren arabera, gobernuak 80.000 lagun atxilotu ditu. Gatazkaren ondorioz 200.000 desplazatu eta 60.000 errefuxiatu daudela dio NBEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.