Siriara behatzaile talde bat bidali nahi dute NBEk eta Arabiar Ligak

Gutxienez 93 lagun hil ditu armadak Homs hirian egindako erasoetan, oposizioko iturrien arabera

Erredakzioa
2012ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Siriako armadak gogor eraso dio Homs hiriari segiarren egunez. Tokiko Koordinaziorako Batzordeen arabera, gutxienez 93 lagun hil zituzten erregimenaren bonbardaketek atzo Homsen. Eta Idleben eta Damasko kanpoaldean armadak beste hamabi lagun hil zituela ere salatu dute. Siriako Gobernuak, berriz, salatu du Homsen «talde terroristak» ari direla erasoan, eta horien kontra ari dela armada. Nolanahi ere, ezinezkoa da Siriatik datorren informazioa egiaztatzea, erregimenak bertan lan egitea debekatu dielako nazioarteko kazetariei.

Egoera larritzen ari dela ikusirik eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun kontseilua Baxar al-Assad Siriako buruaren kontrako ebazpenik onartzeko gai ez dela ikusirik —Errusiak eta Txinak betoa erabili dute birritan horren kontra—, bestelako bideak aztertzen hasi da nazioartea. Arabiar Liga eta NBE Siriara behatzaileen misio bateratua bidaltzea aztertzen ari direla esan du Ban ki-moon NBEko idazkari nagusiak.

Segurtasun Kontseiluak oraindik ebazpenik onartu ez izana «porrot penagarria» da, Banen ustez. «Beldur naiz Homsen ikusi dugun basakeria, arma astunekin zibilei eraso egitea, ez ote den oraindik okerrena iristeko dagoela erakusten duen zantzua».

Gerra zibilaren atarian

Europako Batasuneko kideek erregimenaren kontrako zigor gehiago hitzartu zuten atzo: Siriako Banku Zentrala zigortuko dute, eta Siriako urrearen, metal bitxien eta fosfatoaren komertzioa debekatu.

Turkiak EBn duen enbaxadoreak, bestalde, Siriako klase ertainak Al-Assad babesten duela adierazi du, eta gerra zibilaren atarian dagoela herrialdea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.