Siriara kasko urdinak bidaltzeko hitzarmena sinatu dute gobernuak eta NBEk

Behatzaileen misioa akordio politikoa lortzeko lagungarri izanen dela adierazi du Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiakBehatzaileen herritartasunarekiko «kezka batzuk» agertu ditu Siriako Gobernuak

mikel rodriguez
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Siriako Gobernuak eta NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialde horretara kasko urdinak bidaltzeko akordioa sinatu zuten atzo, Damaskon. Hain zuzen, astebete igaro da Sirian su-etena ezartzeko epea amaitu zenetik. Bitarte horretan, ordea, gatazkaren bi aldeek menia etengabe haustea egotzi diote elkarri, eta, oposizioaren arabera, armadak ez ditu tankeak erretiratu hiri gehienetatik, Kofi Annan mandatari bereziak bere bake planean zehaztu bezala. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moonek ere erran du su-etena «hagitz ezegonkorra» dela, eta Segurtasun Kontseiluari eskatu dio behatzaileak bidaltzeko ebazpena «berehala» onar dezala.

Joan den igandean ailegatu zen Siriara lehenbiziko behatzaile taldea, dozena erdi militarrek osatutakoa. UNSMIS Nazio Batuen Siriarako Gainbegiratze Misioa izena paratu diote eginkizunari. Annanen bozeramaile Ahmad Fawzik jakinarazi duenez, misioaren hedatzea eta jarraitu beharreko protokoloa zehaztu du NBEk Damaskorekin. UNSMIS 300 kidek osatuko dute. «Horien helburua izanen da alde guztien indarkeriaren etetea eta mandatari bereziaren sei puntuko bake planaren aplikazioa behatu eta bermatzea», azaldu du Fawzik.

«Zailena» aitzinetik

Kasko urdinak hedatzea gatazkaren konponbiderako pauso garrantzitsua dela nabarmendu du Annanen bozeramaileak, baina «zailena» orain heldu dela erran du: «Siriarrek zuzendutako benetako elkarrizketa politiko bat, herriaren kezkak eta nahiak bere gain hartuko dituena».

NBEko idazkari nagusi Banek ere erran du «Siriako herriaren borondatea agertuko duen akordio politikoa lortzeko» lagungarri izan litekeela misioa. Siriako Atzerri Ministerioak, berriz, ohar batean adierazi du akordioa bat datorrela Annanen plana betetzeko gobernuak egindako «ahaleginekin», eta NBEko behatzaileen lana «errazteko» asmoarekin, «betiere Siriaren subiranotasuna errespetatuz».

Banek azaldu du, ordea, Damaskok «kezka batzuk» dituela behatzaileen herritartasunaren inguruan, printzipioz ez lituzkeelako ongi hartuko Siriako Gobernuaren aurka gogorren ibili diren herrialdeetako kasko urdinak. Damaskorekin harreman normala mantendu duen herrialde batek, baina, Txinak, behatzaileak bidaltzeko aukera aztertuko duela adierazi du.

Hain zuzen, Siriako Atzerri ministro Walid al-Muallem Txinan izan da. Han adierazi du gobernuak su-etena «ia gauzatuta» duela. Banek, ordea, gobernuari egotzi dio menia gauzatzeko Annanekin hitzartutako pausoak ez dituela «erabat» bete. «Eremu zibilen aurkako bonbardaketek, eta indar ofizialen abusuek» jarraitu duten «froga asaldatzaileak» dituela erran du, baita oposizioko talde armatuek erasoak egin dituztela ere.

NBEko idazkari nagusiak ere misioaren xehetasun batzuk eman ditu. Aste batzuen buruan behatzaileak Siriako hamar puntutan hedatzeko asmoa duUNSMISek, eta 90 egunen buruan kasko urdin gehiago bidaltzeko aukera ere aipatu du Banek. Siriako Gobernuari erran dio ezin duela kasko urdinen herritartasunarengatik edo horiek herrialdetik mugitzeko «baldintzarik» jarri. Gainera, helikopteroak eta bertzelako baliabideak misioaren esku uzteko exijitu dio. Izan ere, mugikortasunarekin kezka berezia agertu du Banek. Idazkari nagusiak erran duenez, Sirian dauden behatzaileek hegoaldeko Daraa hirian egoteko aukera izan dute, eta «mugitzeko erabateko askatasuna» izan dute bertan. Homsen, ordea, gobernuak ez die utzi sartzen «segurtasun arrazoiak» argudiatuta. Oposizioak salatu du Homs bonbardatzen ari dela oraindik armada.

Errusiaren eskaera

Siriaren Lagunak taldeak Parisen atzo egindako bileran, berriz, Alain Juppe Frantziako Atzerri ministroak UNSMIS «ehunka gizon-emakumerekin eta aireko baliabideekin» indartzea proposatu zion nazioarteari. Errusia ere gonbidatu zuten bilerara, baina parte hartzeari uko egin zion, Siriako Gobernuko ordezkaririk ez zutelako gonbidatu. Siriako oposizioak bake planaren alde egin dezan Mendebaldeak presio gehiago egin diezaiola exijitu du Moskuk. AEBek, berriz, adierazi dute Sirian «zeresan handiagoa» izateko plana prestatzen ari direla, baina nazioartean «adostasun indartsua» ez badago, ez dutela militarki esku hartuko erran dute. Siriako Armada Askea oposizioko talde armatuak, ordea, Siriaren Lagunei eskatu die «unean uneko esku hartzeak» egiteko, eta armak helarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.