Siriatik su-eten bat lortzeko erantzun argirik gabe atera ondotik, heldu den astean Errusiara joanen da Lakhdar Brahimi NBE Nazio Batuen Erakundearen eta Arabiar Ligaren mandatari berezia. Hala baieztatu du Sergei Lavrov Atzerri ministroak. «Espero dugu mandatari berria Genevako Agirian hitzartutako printzipioak praktikara eramaten saiatuko dela». Genevan Errusiak, Txinak, Mendebaldeko herrialdeek eta Siriaren inguruko zenbaitek indarkeria eteteko exijitu zuten, eta bi aldeek batera egindako trantsizio politikoaren alde mintzatu ziren.
Ortzegunerako su-eten bat ezartzea proposatu die Brahimik bi aldeei, musulmanen Eid al-Adha sakrifizioaren besta dela eta. Oposizioak ez du onartu, eta Baxar al-Assad presidenteak «terrorismoarekin» amaitzea paratu du lehentasuntzat. Hain zuzen, Lavrovek elkarrizketa politikoa aldarrikatu du irtenbidetzat, eta zalantzan paratu du «potentzia batzuek» bakea lortzeko duten nahia. «Oposizioak armak, dirua eta sostengu morala jasotzen ditu. Armak uzteko eskatzen diegu, baina erantzuten digute Mendebaldeak kontrakoa erraten diela, eutsi dezatela, euren eskubideak armekin defenda ditzatela». Lavrovek dioenez, Mendebaldeko herrialdeen «estimazio kontserbadoreenen arabera» Al-Assadek gutxienez herritarren herenaren sostengua du.
Jordaniako soldadu bat hilik
Eremuan bisitan izan da Catherine Ashton Europako Batasuneko diplomazia burua izan da. Ekialde Hurbilean hasitako bortz eguneko bisitaren baitan, Jordanian izan da, eta han Siriako errefuxiatuen Zaatari kanpalekua bisitatu du. 36.000 iheslari daude han, Jordaniako agintarien arabera.
Herrialde horren eta Siriaren arteko mugan liskar larria gertatu zen atzo. Petra agentziaren arabera, talde islamista bateko kideak Siriatik Jordaniara sartzen ahalegindu ziren, baina soldaduek bide oztopatu zietenean, tiroka hasi ziren. Borrokan Jordaniako soldadu bat hil zen, eta armadak ustezko hamahiru ekintzaile atxilotu zituen.
Siriarako mandatari berezia Errusiara joanen da heldu den astean
Genevan trantsiziorako hitzartutako agiria betetzea espero du Sergei Lavrov Atzerri ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu