Siriarako neurriak nahi ditu Pillayk, beste Srebrenica bat saihesteko

NBEko goi mandatariak esan du nazioarteak neurriak hartu behar dituela, Bosnian adina zibil hil ez daitezen

Erredakzioa
2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Navi Pillay NBEko giza eskubideen goi mandatariak «beste Srebrenica bat» saihestu nahi du Sirian. Sirian, 1995ean Bosniako hirian hil ziren adina zibil ez hiltzeko, nazioarteari neurri «serioak» hartzeko eskatu du Pillayk. Srebrenican milaka zibil hil zituzten Bosniako independentzia gerran, eta, Pillayren ustez, Sirian esku hartzeko ezin da itxaron horrelako sarraski bat gertatu arte. «Bosnian gertatu zena gogoan izan behar dugu, Siriako gatazkak sor ditzakeen arriskuez jabetzeko».

Azken egunetan Ekialde Hurbilean egiten ari den biran, Lakhdar Brahimi NBEren Siriarako mandataria Jordaniako Gobernuko Atzerri ministroarekin bildu zen atzo. Su-eten baten beharraz mintzatu zen bertan: «Borrokak gelditzen badira eta su-etenak funtzionatzen badu, benetako su-eten bat osa dezakegu Sirian prozesu politiko bat hasteko». NBEren Siriarako mandataria bihar joango da Damaskora su-etenaren proposamenarekin.

Jordaniako armadak maniobrak egin zituen atzo Siriarekiko mugan. Armadak borrokarako hegazkinak bidali ditu inguru horretara, herrialdeko berri agentzia ofizialak jakinarazi duenez. Libanoko Poliziak salatu du herrialdearen iparraldera hainbat obus jaurti dituztela Siriatik.

Sirian armadaren eta oposizioaren arteko borrokek ez dute etenik. Oposizioak jakinarazi du aire armadak dozenaka lagun hil zituela atzo Idleb probintzian. Damaskon, Barne Ministerioaren egoitzari eraso zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.